Erreportajea
KATEA EZ DA ETEN
IKASLE IZANDAKO ASKOK AUKERATU DUTE MU EUREN SEME-ALABEN FORMAZIORAKO. HIRU ADIBIDE AUKERATU DITUGU, FIDELTASUN ETA LOTURA HORREN ERAKUSLE
MIKEL SANZBERRO (IKASLE ETA IRAKASLE 42 URTEZ GOI ESKOLA POLITEKNIKOAN) ETA AITOR SANZBERRO (MIKELEN SEMEA, GOI MAILAKO INGENIARITZA EGIN ZUEN MU-N)
Mikel Sanzberro Sunbillan (Nafarroa) jaio bazen ere, dagoeneko erabat mondragoetartuta dago, nahiz eta euskaraz hitz egiterakoan nabaritzen zaion bere jatorria. Hamalau urterekin iritsi zen Arrasatera, “Sunbillako apaizak ezagutzen zuen Arrasateko Maisutza eskola eta aitari esan zion ni hona bidaltzeko. Aitak kasu egin eta egoiliar egon nintzen Arrasaten, oso gustura gainera. Ofizialtza egin nuen, gauzak ondo atera zitzaizkidan eta gero Maisutza eta Ingeniaritza teknikoko ikasketak egin nituen”. Mikel Sanzberrok bizitza eskaini dio MUri, izan ere 1968tik jubilatu den arte irakasle lanetan aritu izan da, guztira 42 urte. “Mekanika egiteko asmoarekin iritsi nintzen Arrasatera, baina elektronikako kontuak askoz gehiago gustatu zitzaizkidan. Elektronika arloko ikasgaiak erakutsi izan ditut. Hasieran, irratia eta telebista ikasgaia, eta 1972tik aurrera Potentziako elektronika eta Industria elektronika ikasgaiak. Amaieran energia kontuak erakusten bukatu nuen”.
Lotura estua du erakundearekin, konpromiso handia, eta semeak esan zionean Eskolan ikasi nahi zuela, sentsazio kontrajarria izan zuen. “Irakasle izanda, ez da samurra izaten semea eskola berean ikasketak egiten edukitzea. Ikasketak ondo bideratzen baditu, ez da ezer gertatzen, baina arazoak izanez gero, zer?”. Zoriona eta errespetua eragin zion Aitorren erabakiak aitari. “Berak hartu zuen erabakia, eta egia esaten badizut, nik bere erabakia ez baldintzatzen saiatu nintzen”.
AITAREN BIDEA JARRAITU
Aitor Sanzberrok aitaren bidea jarraituz MUn ikasketak egitea erabaki zuen, “erabaki libre eta pertsonalean”, azpimarratu nahi du Aitorrek. “Aitak esan zidan nik nahi nuena egiteko, eta Mondragon Unibertsitatearen aldeko apustua egin nuen, batez ere arrazoi bategatik, erakunde honek enpresa arloarekin sekulako harremana du, oso zuzena”. Hasierako urtea gogorra izan zen Aitorrentzat, batez ere irakasle guztiek bere abizena aitarekin lotzen zutelako. Era berean, pasilloetan aitarekin elkartzea ere arraro samarra izaten zen. “Hasiera zaila izan bazen ere, zorionez aitak ez zidan eskolarik eman. Mekanika arloa aukeratu nuen, eta aitak elektronikan ematen zituen eskolak.
Gaur egun, Aitor Sanzberrok Fagor Etxetresna elektrikoetan egiten du lan. Ingeniaritza ikasketak egin zituen, eta Otxandioko enpresa batean praktikak egin ondoren, ikasketekin segitzea erabaki zuen eta Goi Mailako Gradua egin zuen MUn. Fagor Etxetresna Elektrikoetan erosketa arloan dihardu lanean.
IÑAKI GAZTAÑAGA (IRAKASLEA ETA IKASLEA ETEON ETA ENPRESAGINTZAN) MAIALEN GAZTAÑAGA (IÑAKIRENALABA, IKASKETAK EGIN DITU ENPRESAGINTZAN)
Iñaki Gaztañaga eta bere alaba Maialenen historia ere antzerakoa da. Iñaki gazte gaztetatik hasi zen lanean ETEOn, euskara eskolak ematen. “Euskara ikasgaia ematen nuen Enpresaritzan. Era berean, Goi Eskola Politeknikoan ere aritu nintzen, eta enpresa askotan ere eskolak eman nituen, ikastaroak eta beste zenbait hitzaldi, baina oso nekeza zen”. Orain hamabi urte ETEOko Finantza buru izendatu zuten, eta karguan zenbait urte egin ondoren, bi urte dira irakaskuntzara itzuli denetik, “jubilatzeko gutxi geratzen zait, eta eskolak eman nahi nituen berriro ere”. Gaur egun Antolakuntza eta Kontabilitate eskolak ematen ditu Iñakik Oñatiko fakultatean.
Gaztañagatarren artean ere belaunaldien arteko katea ez da eten, eta Maialen alabak ikasketak Mondragon Unibertsitatean egitea erabaki zuen. “Banekien aita ez zela nire irakasle izango, izan ere, administrazio kontuetan zebilen garai hartan”. Maialenek gogora ekarri nahi izan du Mondragon Unibertsitatean ikasketak egiteko erabakian aitak ez zuela zerikusirik izan. “Hasieran Geografia egin nahi nuen, gero enpresaritza arloko ikasketak ere interesatu zitzaizkidan, baina etxetik irten nahi nuen eta Bilbora joan nintzen matrikula egitera, Sarrikora. Hala ere, ez zitzaidan gustatu, eta aurre matrikula Mondragon Unibertsitatean egitea erabaki nuen".
ERREFERENTZIA ONA
Maialenentzat aita MUn egotea oso erreferentzia ona izan da, eta aldi berean Iñakik alaba Mondragon Unibertsitatean ikusi nahi zuen. “Nik alaba MUra etortzea nahi nuen, hemen kalitatezko eskaintza dugu, klaseak ez daude masifikatuta, ikasle eta irakasleen arteko harremana oso estua da… eta horrexegatik nahi nuen Maialen gurera etortzea”. Hori bai, Iñakik argi utzi nahi izan du, inoiz ez diela alabaren irakasleei alabaren gainean ezer galdetu. “Ez nien inongo presiorik eragin nahi lankideei”. Oñatiko fakultatean badira zenbait adibide, ikasle ohi eta seme-alabak unibertsitate berean ikasi dutenak. Belaunaldien arteko etenik ez da izan familia horietan. Lotura estua, konfiantza, fideltasuna erakusten du horrek.
EDURNE ZENARRUZABEITIA (IRAKASLE IKASKETAK EGIN ZITUEN HUHEZIN) GAIZKA ARRIZABALAGA ZENARRUZABEITIA (IKASKETAK EGITEN ARI DA HUHEZIN)
HUHEZIn ere badira hamaika adibide. Asko dira Irakasle Eskolan ikasi zutenak eta gaur egun seme-alaba unibertsitatean ikasketak egiten dituztenak. Horietako bat da Edurne Zenarruzabeitia eibartarra. Gaur egun, Gaizka semea ari da Haur Hezkuntzako ikasketak egiten. Edurnek 1987 eta 1989 urte bitartean egin zituen Irakasle ikasketak. “Nik Eibarko ikastolan egiten nuen lan, haurtzaindegian hasieran, eta eskolaurrean gero, baina irakasle titulurik ez nuen, eta Eskoriatzan ikasketak egiteko aukera eman ziguten, 17:00etatik 22:00ak arte, egunero”. Euskaraz ikasketak egiteko aukera bakarra zen Eskoriatzakoa, eta garai hartako oso oroitzapen onak ditu Edurnek. “Oroitzapen onak ditut, baina gogorra izan zen. Etxean lan egin, bi seme hazi eta, gainera, ikastolan ere lan egiten nuen. Oso gogorrak izan ziren urte haiek”. Maisuekin harreman estua eta ona zutela gogoratzen du Edurnek.
GASTEIZTIK ESKORIATZARA
Gasteizen topografia ikasketak bi urtez egin ondoren, Gaizkak ikasketa haiek utzi eta Haur Hezkuntzan matrikulatzea erabaki zuen, amaren eta izebaren bidea jarraituz. “Gasteiztik Eibarrera itzultzea erabaki nuen, eta egunero Eskoriatzara etortzen naiz, neurrira. Kirola egiteko aukera dut, ikasketak ondo eramateko aukera, eta horrela askoz gusturago nago”. Dagoeneko azken urtean dago Gaizka, eta praktikak ere amaren ikastolan egin ditu, Eibarko J.Mogel ikastolan, bost urteko gelan. “Oso esperientzia polita izan da eta oso ondo moldatu naiz”. Familia tradizioa eta MUrekin harremana berezia da Zenarruzabeitiarren etxean; izan ere, Edurnek eta bere ahizpak Eskoriatzan egin zituzten ikasketak, eta Gaizkak bide bera aukeratu du.
Gaizkak aurten amaituko ditu ikasketak, baina bere asmoa da Kirol maisutzaren arloan ikasten jarraitzea. “Hiru urte berehala igaro zaizkit, gustura egin ditut ikasketak Eskoriatzan. Haurrekin lan egitea asko gustatzen zait, eta irakaskuntza asko aldatu bada ere, oso lan erakargarria da”. Gaizkak eta Edurnek, ordea, ikastolatik irteterakoan, ikastolako kontuak alde batera uzten dituzte. “Ez diot gomendiorik ematen semeari, baina ikasiko du ikastolako arazoak ikastolan uzten eta etxera ez eramaten”.
Hiru kasuek belaunaldien arteko lotura erakusten digute; fideltasuna, erakundearekiko gertutasuna eta Mondragon Unibertsitatearen eskaintza akademikoaren egokitasuna. Hiru kasu ekarri ditugu gure aldizkarira, baina beste hamaika istorio ere jorra genitzake.
