MUniversitas 17

Erakundeak

MUNDUKIDE, IKASLEENTZAT BIZIPEN ITURRI

MUNDUKIDE FUNDAZIOAK AUKERA EMATEN DIE IKASLEEI IKASITAKOA ATZERRIAN PRAKTIKAN JARTZEKO ETA BIDE BATEZ HERRIALDE JAKIN BATZUETAN DUTEN GARAPEN PREMIARI BULTZADA EMATEKO. HORRETAZ GEHIAGO JAKITEKO, MONDRAGON UNIBERTSITATEKO HAINBAT IKASLERI ESKATU DIEGU BIZITAKOA AZALTZEKO.

Asko dira Mundukide Fundazioak munduan zehar dituen elkartasun eta garapen proiektuak, eta guk lau protagonista aukeratu ditugu. Guztiak oso pozik daude bizi izandakoarekin, eta nabarmendu dute baliabide gutxirekin bizi direnak ezagutu eta haiekin denbora tarte bat partekatu ostean, pentsaera erabat zabaldu zaiela.

Ihintza Irizar HUHEZI fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea da eta Marrupan (Mozanbike) izan da, Miriam Garcia ikaskidearekin batera, Marrupan Mundukidek egindakoa herritarren ahotik jasotzen eta horri buruzko dokumental bat egiten. “Oso pozik daude, ia ezer ez edukitzetik, Mundukideren laguntzarekin, emaitza onak lortzen dabiltza-eta. Beraien begietan zoriontasuna, lanerako grina eta ahalegina ikus daitezke”. Ikasleek, dokumentalaz gain, gauza gehiago ekarri dituzte etxera bueltan: “Bidaia magikoa izan da, sekulan ahaztuko ez ditudan emozio eta sentipenak bizi izan ditut”, azaldu du Irizarrek.

GEP-EKO BI IKASLE, KUBAN
GEPeko Pablo Sal eta Mikel Azkargorta, berriz, Jobabo hirian izan dira,Kuban, Mundukidek, MUk eta Kubako Gobernuak hitzartutako kolaborazio proiektu baten baitan. Azkargorta Diseinu Ingeniaritzako ikaslea da, eta fruta batzeko egurrezko kaxen diseinua egiten ibili da, iltzerik ez dutenak. Bide batez, gainera, pieza faltagatik geldi dauden aroztegiei irtenbidea eman die. Sal, ordea, Ingeniaritza Industrialdeko ikaslea da, eta Kubako hainbat enpresaren bideragarritasun planak garatzen ibili da. Salek nabarmendu du Kubak burua irekitzera behartu duela, “buruan oso finkatuta ditudan eskemak apurtu, eta malguagoa izatera behartu nau”. Azkargortak ere ekarri du hango irakaspenik: “Kuban gauza materialek ez daukate garrantzirik, gutxi daukate, baina dena elkarbanatzen dute, horrek asko erakutsi dit”.

Xabier Etxebarria Enpresagintza fakultateko ikasleak ere izan du Mundukideren proiektu batean esku hartzeko aukera. Brasilen izan da bera hango herritarrei laguntza ematen; hain zuzen ere, Brasilgo zonalde bateko esne ekoizpenari irteera emateko aukerak ikertzen ibili da. Etxebarriaren ustetan, “pertsonalki aberatsa” izan da esperientzia, eta “nire ikuspuntuak zabaltzeaz gain, pertsona bezala hobeto sentiarazi nau”.