Bizitza Unibertsitarioa
IRUNEN UNIBERTSITATE BIZITZA SUSPERTU NAHIAN
MONDRAGON UNIBERTSITATEA BIDASOA-TXINGUDI ESKUALDEKO GIZARTEAN INTEGRATZEKO HELBURUAREKIN SORTU ZEN MU-GI HADI ELKARTEA 2010EKO IRAILEAN. ERA BEREAN, IKASLEEN PARTE-HARTZEA BULTZATUNAHI DU, BAI UNIBERTSITATE BIZITZAN, BAI KULTURA, KIROLA ETA AISIALDIA EKINTZETAN ERE.
Zeintzuk dira MUgi Hadi elkartearen helburuak?
Unibertsitate-bizitza dinamizatu nahi dugu. Campusa txikia da, eta badakigu horrek hainbat muga jartzen dizkigula, baina sinisten dugu parte-hartzearen eta inplikazioaren bitartez arlo akademikotik harago doan unibertsitate bat lortu daitekeela.
Zeintzuk dira aurtengo mugarri nagusiak?
Gure arazorik nagusia da bururatzen zaizkigun ideia guzt iak aur rera eramateko gi za baliabide zein denborarik ez dugula. Dena den, ekintza ezberdinak antolatzen ari gara, eta hainbat proiektutan dihardugu lanean.
Eta aurtengo ekitaldiak?
Kirola, kultura, arlo akademikoa, iraunkortasuna… Askotariko arloak jorratzen ditugu. Esanguratsuenak aipatzeagatik, honako hauek aipa ditzakegu: klaseen arteko futbol txapelketa, mus eta poker txapelketak, astean birritan txinera eskolen antolakuntza doan ikasleentzat, Gizarte Erantzukizun Enpresarialarekin lotutako hitzaldiak… Ekintzak irekiak izaten dira, eta horren adibiderik garbiena “Rumbo a Gaza” egitasmoari babesa emanez antolaturiko hitzaldia izan zen, non palestinar batek Gazaren errealitateari buruz hitz egin zigun. Hitzaldira Fakultateko dekano ordea, ikasleak eta irakasleak bertaratu ziren, baita ikasleen senitarteko eta lagunak ere.
Zenbat lagunek osatzen duzue elkartea?
MUgi Hadi 15 pertsona inguruk osatzen dugu, eta lehen aipatu dudan moduan, ikasleez gain, hainbat irakasle eta administratibo ere badaude taldean.
Baduzue harremanik beste elkarte batzuekin?
Baditugu harremanak inguruko elkarteekin. Adibidez, Betti Gottirekin, euskararen aldeko Irungo gazte elkarte batekin Inauterietako herri bazkar ia antolatu dugu, eta bi erakundeok, Irun 2020 Bulego Estrategikoarekin batera, Lip Dub bat antolatzen ari gara. Bertan Irun eta Hondarribiko klub eta elkarte gehienek parte hartzea espero dugu.
MUkoak diren beste erakunde batzuekin kolaboraziorik egiten duzue?
Muittu-rekin elkartu gara, eta ziur gaude ideia zein sinergia berriak aterako direla, etorkizun hurbil batean fruituak emango dituenak. MUko kirol zerbitzuarekin ere badugu harremana eta, epe laburrean, Oñatiko campusean antzeko zerbait sortu nahiko genuke.
Zuen elkartearekin harremana izan nahi duenak zer egin dezake?
Kolaboratzaile bila edota proposamen berriak entzutera klaseetara hurbildu garen bakoitzean, beti mezu bera zabaltzen saiatu gara: egin edo antolatu nahi duzun zerbait baldin badago, etorri gurekin eta ekin lanari. Unibertsitateko esperientziak konpartitu nahi duenak etor dadila. Gure izenak ondo azaltzen du egin beharrekoa: Mugi hadi!
