Mondragon Unibertsitateko hezkuntza ereduaren garapena eta tendentzia berriak
Joxe Mari Aizega, vicerrector de la Universidad Mondragon, quiso compartir algunas de sus reflexiones en relación a las nuevas tendencias que están emergiendo en nuestra sociedad y, más concretamente, en relación a la evolución del proyecto educativo Mendeberri de MU.
1.- MUren apustua hezkuntza ereduaren munduan
Teknologia berriek berariazko duten hizkuntzaz baliatuz azaldu zuen Joxe Mari Aizega, MUko erretoreordeak, Mendeberri hezkuntza proiektuaren etorkizuneko helburuak zein izan behar duen: Mendeberri 2.0, alegia. Alta, etorkizuneko ibilbideak oraina eta lehena bere baitan hartzen dituela aintzat harturik, Mendeberriren oraina eta iragana hartu zituen abiapuntutzat, aurrera baino lehen, Aizegak. Zortzi urtetako garapen hori islatzeko eta Mendeberri hezkuntza proiektua egun zertan denaren lekukotasuna eskaintzeko, ikasle batek MUko hiru fakultateetan osatutako bideo emanaldi labur batez baliatu zen. Aitzitik, egun denaren zertasuna azaltzeko 2000. urterako jauzia egin zuen erretoreordeak. Garaian, konpetentzietara zuzendutako ikaskuntza bideratzearen beharra aurreikusi zen MUn, eta horretarako profil profesional integral baten garapenaren aldeko apustua egin zen. Ezagutza teknikotik haratago, konpetentzia profesionalak, teknologikoak, zeharkakoak, baloreak bere baitan biltzen dituen profila sustatuz. Metodologietan ere sakondu da urteotan profil hori indartze aldera. Horrela, 2002an ekin zitzaion profil horren garapenak emandako emaitza ditugu egun titulazio guztietara esperientzia hori hedatu izana eta, ororen gainetik, fakultate bakoitzak bere eredu propioa osatu izana.
2.- MUren hezkuntza eredua Goi Mailako ezkuntzaren Espazio Europarrean
Mendeberri goi mailako hezkuntzaren formatu ofizialera egokitu behar izana aipatu zuen hezkuntza proiektuaren hedapenaren eta garapenaren baldintzatzaile, mugatzaile nagusienetarik bezala. Alta, eta itxura batean behintzat, hezkuntza eredu honek esperantzarako lekurik baduela aipatu zuen Goi Mailako Hezkuntzaren Esparru Europarraren barne. Izan ere, esparru berri honi malgutasun, irekitasun gehiago izango duenaren itxura hartzen die eta, ondorioz, Mendeberri indartzeko aukerak ere gehituko direnaren uste osoa dutela azpimarratu zuen Aizegak. Ildo horretan lanean dihardute MUn eta, jada, gradu berriak sortu dira bi fakultatetan, espazio berri horretara egokitu asmoz. Horrela, ezagutza testuinguru errealetan garatzea izango dela MUren hurbileko apustua aipatu zuen, hau da, EGITEN IKASI, praktikak, lana eta ikastea uztartzea. Horrekin bat, eleaniztasunaren sustapenaren aldeko hautua aldarrikatu zuen, beti ere, euskara izanik MUko hizkuntza nagusi. Konpetentzia eleanitzaren sustapenaren bideragarritasuna bermatze aldera, gutxiengo irizpide batzuk ezarri direla esan zuen erretoreordeak, hizkuntza bakoitzak MUren hezkuntza proiektuan izango duen pisua arautuko dutenak. Hein berean, ebaluaketaren izaeraren inguruan ere ezarri dira oinarrizko irizpide batzuk.
"Teknologia berrien rola euskarri izatetik haratago, helburuak lortzera bideratutako estrategia, metodologia bezala. Horrek paradigma eraldaketa ekarriko du MUko ikasteirakaste erara, ezinbestean"
3.- Etorkizuna
Aniztasuna bereizgarri izango duen etorkizunean sortuko diren egoera anitzei erantzuteko gaitasuna izatea izango omen du aurrera begirako erronka nagusi MUk. Testuinguru horretan, teknologia berrien rola euskarri izatetik haratago, helburuak lortzera bideratutako estrategia, metodologia bezala irudikatzen dute. Aizegak aurreratu zuenez, hori horrela izateak, paradigma eraldaketa ekarriko du MUko ikaste-irakaste erara, ezinbestean. Hein horretan, eta aipatu erronkei erantzuterakoan, Moodlemoot 08 bezalako jardunaldien baliagarritasuna eta lagungarritasuna goraipatuz eman zion amaiera MUko erretoreordeak bere hausnarketari.
