Mendeberri 2.0
Desafio latza dugu ikastetxe eta unibertsitateetan. Gizartea aldatu egin zaigu, eta, berarekin batera, ikasleak ere bai. Ikasle horiek jaio dira mundu batean tramankuluz betea: argazki kamera digitalak, ordenagailuak, sakelako telefonoak, bideojokoak… Gainera, gehienek erabiltzen dute bat-bateko mezularitza, fotolog bat dute, eta, askok, eremu bat MySpace gunean. Marc Prensky pedagogoak deitzen die natibo digitalak, gu baino trebatuago baitaude teknologia horiek erabiltzen, horiekin batera hazi direlako.
Adituek diote gazte horiek beste modu batean pentsatzen dutela, garatu baitituzte buru hipertestualak, salto egiten baitute informazio batetik bestera, beren egitura kognitiboak paraleloak bailiran, ez sekuentzialak. Beste aldean, berriz, irakasleok gaude, etorkin digitalak, mundu analogikotik baikatoz. Prensky-ren iritziz, etorkin digitalok askotan ezin izaten dugu geure "azentua" ezkutatu: askok inprimatu egiten ditugu mezu elektronikoak irakurri aurretik, paperezko hiztegiak kontsultatzen ditugu hitzen bat argitzeko, edo telefono aurkibideetan begiratzen dugu telefono zenbaki bat jakin nahi dugunean. Gure ikasleek ez bezala, zeinak gai baitira hainbat hedabidetara batera konektatzeko, gu ez gara oso abilak egiteko bat baino gehiago batera kudeatzen.
"Ulertu beharko dugu teknologia horiek zelan dabiltzan, eta zertan lagun diezaguketen gure irakasteko moduak hobetzen"
Mondragon Unibertsitatean aspaldi hasi ginen aztertzen (eta, geroago, aplikatzen) beste modu bateko irakaskuntza, proiektuetan-eta oinarritutakoa, eta izen bat ere eman genion ahalegin horri, Mendeberri, gure hezkuntza proiektua. Mendeberriri esker, pauso bat aurrerago gabiltza. Hala ere, Mendeberri paperean oinarritu da, eta ez du aintzat hartu aldaketa teknologikoa. Horregatik, gure hurrengo desafioa izan beharko da Mendeberri proiektua eguneratzea, teknologia berriei egokitzea, gure natibo digitalak eroso eta motibatuta senti daitezen beren ikaskuntzan. Aurretik baina, lan handia egin beharko dugu gu geu prestatzen, irakasleok. Ulertu beharko dugu zelakoak diren natibo digitalak, gure ikasgelak betetzen dituzten gazte horiek. Ulertu beharko dugu teknologia horiek zelan dabiltzan, eta zertan lagun diezaguketen gure irakasteko moduak hobetzen. Desafioa ez da makala izango, baina haizea alde dugu: Web 2.0 erremintak merkeak dira, doakoak kasurik gehienetan, eta oso egokiak sorkuntza eta elkarlana bultzatzeko, Mendeberri proiektuaren bi zutabe sendo.
