Nazioarteko ikasleak

Mondragon Unibertsitateak atzerriko ikasleak ere hartzen ditu; hau da, eskaintzen duen prestakuntzan parte hartu nahi duten guztiak; hori dela-eta, ikasle horiek eskura dituzte harrerako zenbait zerbitzu eta egitura, haien egonaldia ahalik eta onena izate aldera.

Besteak beste, Unibertsitateak ondorengoak eskaintzen ditu: gustuko ostatua aurkitzea, truke-programetako ikasleentzako euskarazko eta gaztelerazko ikastaroak, gure eskualdera ondo egokitzeko eskolaz kanpoko jarduerak eta kirol eta kultur jarduerak eta ikasketak ingurune egokian burutzeko fakultate bakoitzeko azpiegitura (liburutegia, ordenagailuak,…).

Mondragon Unibertsitatearen hizkuntza-testuingurua elebiduna da; hau da, euskara eta gaztelera dira Unibertsitateko hizkuntza nagusiak. Dena den, Unibertsitatearen helburua hezkuntza hiru hizkuntzatan eskaintzea denez, pixkanaka gehitzen ari da ingelesezko prestakuntza-eskaintza.

Irakasgai bakoitza zein hizkuntzatan ematen den jakitea nahi baduzu, jar zaitez harremanetan zuk nahi duzun fakultateko nazioarteko harremanetarako bulegoarekin.

Betebeharrak

Mondragon Unibertsitatean ikasi nahi duten ikasleek administrazio-izapide jakin batzuk egin behar dituzte; izapide horiek aldatu egiten dira ikaslearen jatorrizko herrialde batetik bestera.

1.- EEAkoak (European Economic Asociation: Europar Batasuna, Norvegia, Liechtenstein, Islandia, Suitza) ez diren herrialdeetako ikasleak-hiritarrak:

 

  • Ikasleen bisatua eskatzen dute. Bisatua 3 hilabetekoa izan ohi da, eta ikaslea bizi den herrialdeko Espainiar Enbaxadako Kontsulatuan egiten da. Aurkeztu behar den dokumentazioa Kontsulatuan eskatu behar da. Agirien artean, normalean ondorengoak eskatzen dira: osasun-ziurtagiria, pasaportea, gure Unibertsitatearen onarpen-gutuna, Espainian programatutako egonaldia egiteko kaudimen-bermea. Horren inguruan informazio gehiago lortzeko, kontsulta ezazue Atzerri Arazoetako Ministerioaren web orrialdea: www.mae.es
  • Behin Espainiara etorrita, ikasleak ikaslearen bizileku-txartela atera behar du hurbilen duen komisarian, gure herrialdean hiru hilabete (bisatuaren epea) baino gehiago egoteko asmoa izanez gero.
  • Mediku-aseguru pribatua edo E-111 / E-128 formak, ikaslea herrialde hauetako batekoa bada: Brasil, Txile, Ekuador, Panama, Paraguay, Peru, Norvegia eta Maroko. Izan ere, gizarte-segurantzari dagokionez, hitzarmen bat sinatuta dute aipatutako herrialdeek eta Espainiak.
  • Kaudimen-ziurtagiria.
  • Istripu-asegurua eta erantzukizun zibila.
  • 4 argazki.

2.- EEAkoak diren ikasleak-hiritarrak. Ikasle horiek ez dute bisaturik behar, baina bai ondorengoak:

  • Baliozko pasaportearen edo Nortasun Agiri Nazionalaren kopiak
  • Finantza-kaudimenaren ziurtagiria.
  • Mediku-asegurua edo Europako Osasun Txartela (E-111 edo E-128)
  • Istripu-asegurua eta erantzukizun zibila.
  • 4 argazki.

Komeni da ikaslearen intereseko Fakultateko Nazioarteko Harremanetarako Bulegoarekin harremanetan jartzea, zein baldintza akademiko aurkeztu behar diren jakiteko eta Mondragon Unibertsitatean ikasleak egiteko asmoa duen hezkuntza-programaren inguruko informazioa lortzeko.