Guri buruz

Memoria 2011-2012

Hemen duzu aukera HUHEZIren memoria PDF moduan irakurtzeko, 2011-2012 ikasturteari dagokiona. 2011-2012 ikasturtean azkenekoz eskaini da Psikopedagogiako lizentzia, amortizatzeko gelditzen zaigun lizentziatura bakarra izanik.

 

Graduko ikasketak

Arlo akademikoari dagokionez, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Ikus-entzunezko Komunikazio Graduen hirugarren maila inplementatu da, eta guztira 728 ikasle izan ditugu.

 

Graduondoak

Gradu-ondoko ofizialen arloan, 2011-2012 ikasturtean hiru Master Ofizial eskaini dira: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen unibertsitate masterra, Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleaniztunetan unibertsitate masterra (EKOMU) eta Berrikuntza Metodologikoko Proiektuen Garapena Hezkuntza Erakundeetan unibertsitateko masterra (BERRIMET).

Gradu-ondoko ikasleak (master ofizialetan, nahiz titulu propioetan) 263 izan dira guztira. Hiru unibertsitate master ofizial, bi aditu-titulu eta master propio bat eskaini dira. Nabarmentzekoa da, ikasturte honetan eskaini dela, lehenengoz, Komunikazioa erakundeetan aditu titulua (Aditukom). Bestetik, etengabeko prestakuntza arloan ere hainbat lan egin dira Hezkuntza eta Lankidetza arloan.

 

Ikerketa. Hirugarren Zikloa.

Ikerketa arloan, ikertalde ezberdinetako ikertzaileen parte-hartzea handia izan da jardunaldi eta kongresuetan, eta argitalpenen arloan ere emaitza oparoa dela esan dezakegu. Horrela, 58 argitalpen egin dira liburu eta aldizkaritan, 37 komunikazio aurkeztu dira kongresuetan, 15 proiektu konpetitibotan lortu da kanpo-finantziazioa eta 15 transferentzia-proiektu garatu dira enpresa eta erakundeetan.

Tesi-liberazioetarako politikak ere bere emaitzak eman ditu, eta HUHEZIko lau irakaslek defendatu dute doktorego-tesia.

 

Nazioarteratzea

Erasmus programa fakultatean indartuz doa eta 30 ikasle atera dira Erasmus egonaldiak egitera Europan zehar, eta beste 3 ikaslek egin dituzte praktikak atzerrian.

Bestalde, HUHEZIk antolatzen dituen nazioarteko bi programen bosgarren edizioan, Europako 15 ikasle izan ditugu geure artean 2011-2012 ikasturtean. Ikasle hauek Herbehereetatik, Belgikatik, Estoniatik, Letoniatik, Hungariatik, Suitzatik eta Finlandiatik etorri dira.

 

Jardunaldiak

Urtero legez, ikasturte honetan ere, hainbat jardunaldi antolatu ditugu. Aurreko urteetako tradizioari jarraituz, Komunikaldiak izan ditugu “Bideo-jokoak eta Hezkuntza” gaia landuz.

Bestetik, HUHEZINEMAren V. edizioa antolatu da eta inoiz baino arrakastatsuagoa izan da aurkeztutako lanei dagokienez; guztira, 140 lan aurkeztu dira film laburren lehiaketa honetara. Edizio honetan, berrikuntza garrantzitsu bat nabarmendu behar dugu: Euspot, Euskarazko Spot Lehiaketaren lehen edizioa antolatu dute HUHEZI, Arteman eta Aretxabaletako Udalak, HUHEZINEMArekin elkarlanean.

“Elkarrekin bizitzen ikasi: ikaskide taldeak” jardunaldiaren II. edizioa antolatu dugu ERKIDE-Irakaskuntzarekin batera, eta 80 lagun inguruk hartu dute parte bertan.

Aurrezkoez gain, urteroko beste hainbat ekitaldi ere egin dira: Literatur astea “Haur Literatura: Helduentzako Literatura” gaiaren bueltan eta Euskararen Astea.

 

Unibertsitate irakasleen bisitak

Ikasturtean zehar kanpoko hainbat herritako unibertsitate irakasleen bisitak izan ditugu gure fakultatea ezagutzeko: Ekuador, Txile, Letonia, Kolonbia, Brasil eta Gales.

 

Aurkibidea

Memoria hau irakurtzen duenak honako gai hauek izango ditu ondo azalduta:

  • Sarrera eta aipamen historikoa.
  • Txosten Akademikoa.
    • Graduak
    • Gradu-ondoak eta etengabeko prestakuntza
    • Ikerketa eta transferentzia
  • Gestio unitateen berri.
    • Hezkuntza
    • Komunikazioa
    • Lankidetza
  • Internazionalizazioa.
  • Ekintza ez akademikoak.
  • Euskara HUHEZIn.
  • Erakundeko kudeaketa orokorra eta zerbitzuak.
    • Kudeaketa-organoak
    • HUHEZI zenbakitan
  • Enpresa, ikastetxe eta erakunde laguntzaileak.
  • HUHEZIko langileak eta irakasle kolaboratzaileak.