Memoria 2010-2011

Hemen duzu aukera HUHEZIren memoria PDF moduan irakurtzeko, 2010-2011 ikasturteari dagokiona. Joan deneko ikasturtean azkenekoz eskaini dira Diplomaturako ikasketak, Bigarren Diplomaturako ikasketak, hain zuzen. Bestetik, Psikopedagogiako lizentzia eta lizentzia bikoitzeko ikasketak ere eskaini dira, Diplomatura eta lizentziaturako ikasketa hauetan, guztira, 638 ikasle izan ditugu.

 

Graduko ikasketak

Arlo akademikoari dagokionez, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Ikus-entzunezko Komunikazio Graduen bigarren maila inplementatu da, eta guztira 473 ikasle izan ditugu.

 

Graduondoak

Gradu-ondoko ofizialen arloan, 2010-2011 ikasturtean bi Master Ofizial berri eskaini dira lehenengoz: Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleaniztunetan master unibertsitarioa (EKOMU) eta Berrikuntza Metodologikoko Proiektuen Garapena Hezkuntza Erakundeetan master unibertsitarioa (BERRIMET).

Aipatzekoa da, bestalde, aurten Jatorrizko hizkuntzen eta identitateen berreskurapenerako aditu-titulua eskaini dela lehenengoz Garabide Elkartearekin batera, eta 18 ikaslek hartu dutela parte bertan.

 

Ikerketa. Hirugarren Zikloa.

Ikerketa arloan, ikertalde ezberdinetako ikertzaileen parte-hartzea handia izan da jardunaldi eta kongresuetan, eta argitalpenen arloan ere emaitza oparoa dela esan dezakegu. Tesi-liberazioetarako politikak ere bere emaitzak eman ditu, eta HUHEZIko 2 irakaslek defendatu dute doktorego-tesia.

 

Nazioarteratzea

Erasmus programa Fakultatean indartuz doa eta 30 ikasle atera dira Erasmus egonaldiak egitera Europan zehar, eta beste 16 ikaslek egin dituzte praktikak atzerrian.

Bestalde, HUHEZIk antolatzen dituen nazioarteko bi programen laugarren edizioan Europako 12 ikasle izan ditugu geure artean 2010-2011 ikasturtean. Irakasle-ikasketetara 8 ikasle etorri dira Herbehereetatik, Finlandiatik eta Belgikatik eta Ikus-entzunezko Komunikaziora, 4 Herbehereetatik eta Estoniatik.

 

MU Telebista

MU telebista sortu da HUHEZI fakultateko hainbat irakasleren gidaritzapean. Astero 3 minutuko bideo bat emititzen da MUko eta fakultateetako ekintzak jasoaz, eta aurkezle-lanak Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle batek egiten ditu.

 

Jardunaldiak

Urtero legez, ikasturte honetan ere hainbat jardunaldi antolatu ditugu. Aurreko urteetako tradizioari jarraituz, Komunikaldiak izan ditugu “Egile eskubideak” gaia landuz.

Bestetik, HUHEZINEMAren IV. edizioa antolatu da eta inoiz baino arrakastatsuagoa izan da aurkeztutako lanei dagokienez; guztira, 76 lan aurkeztu dira film laburren lehiaketa honetara, iaz baino 10 gehiago.

“Elkarrekin bizitzen ikasi: ikaskide taldeak” jardunaldia antolatu genuen ERKIDE-Irakaskuntzarekin batera, eta 100 lagun inguruk hartu zuten parte bertan.

Aurrezkoez gain, urteroko beste hainbat ekitaldi ere egin dira: Literatur Topaketak “Far Westeko Euskal Ahotsak” gaiaren bueltan eta Euskararen Astea.

 

Aurkibidea

Memoria hau irakurtzen duenak honako gai hauek izango ditu ondo azalduta:

  • Sarrera eta aipamen historikoa.
  • Txosten Akademikoa.
    • Plan zaharreko ikasketak
    • Graduak
    • Gradu-ondoak eta etengabeko prestakuntza
    • Ikerketa eta transferentzia
  • Gestio unitateen berri.
    • Hezkuntza
    • Komunikazioa
    • Lankidetza
  • Internazionalizazioa.
  • Ekintza ez akademikoak.
  • Euskara Huhezin.
  • Erakundeko kudeaketa orokorra eta zerbitzuak.
    • Kudeaketa-organoak
    • Huhezi zenbakitan
  • Enpresa, ikastetxe eta erakunde laguntzaileak.
  • HUHEZIko langileak eta irakasle kolaboratzaileak.