Jakingarriak aldizkariak Heziketa Fisikoa Eskolan aztertzen du azken alean

2007/10/10

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Dokumentazio Zentroak Jakingarriak aldizkaria kaleratu du, ikasturte honi dagokion lehena. Berez 62. zenbakia da eta, aurrekoak bezala, EAEko ikastetxe guztietan eta Nafarroako eta Iparraldeko ikastoletan banatuko da. 1.200 ale guztira.

Ale honen gai monografikoa da Heziketa Fisikoa Eskolan. Bost artikuluk lantzen dute gai hori, denak euskaraz idatzita. Hurrengo aleak ere gai horri eutsiko dio.

Gai monografikoaz jarduteko, espezialista hauek idatzi dute: Fernando Sánchez Bañuelos, Ana Makazaga, Maria Teresa Bizkarra, Carmen Peiró, Joseba Etxebeste eta Mikel Egibarrek.

Betiko moduan, aldizkariak Liburu berrien albisteak jasotzen ditu ale honetan ere, aipu mordoarekin batera, gehienak irakaskuntza alorreko jendeak esandakoetatik jasoak. Bukatzeko, berriz, Baliabideen atalean, Txirikila euskal jolas tradizionalaren berri ematen da.