Ikerkuntza ildoak eta proiektuak
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) bere ikerlerroak hiru eremu ezberdinetan garatzen ari da: Hezkuntzan, Komunikazioan eta Lankidetza eremuan hain zuzen. Bertan garatutako ikerketa eta transferentziarako proiektuak bai administrazio edo elkarte publikoan zein enpresa eta erakunde pribatuetan gauzatzen dira.
Hezkuntza eremuan horrelako ikerlerroak aurkitzen dira:
- Eleaniztasuna, Hizkuntzaren Didaktika eta Kulturartekotasuna
- Haurtzaroaren Garapena eta bere Ongizatea
- Berrikuntza Pedagogikoa
- Euskal Nortasuna eta Kultura.
Komunikazio eremuan, berriz, honako ikerlerroak topatuko ditugu:
- Komunikazioa eta Hezkuntza
- Komunikazioa Erakundeetan
- Euskarazko Ikus-Entzunezkoen Azterketa
Azkenik, hiru ardatzen inguruan egituratzen dira Lankidetzako ikerlerroak:
- Kooperatibagintza Biziberritzea
- Gizarte Berrikuntza
- Sare: Garapenerako Zubigintza
Jarraian eremu bakoitzean aritzen diren ikerlerroak, bertako ikertaldeen deskribaketak eta azkeneko ikasturteetan egindako proiektuak zehazten dira.
HEZKUNTZA EREMUAN:
ELEANIZTASUNA, HIZKUNTZAREN DIDAKTIKA ETA KULTURARTEKOTASUNA
Ikerketa-lerro hau lotuta dago hizkuntzen ikaskuntza/irakaskuntzari erreferentzia egiten dioten fenomenoekin, transposizio didaktikoaren eta kulturartekotasunaren hezkuntzaren arloetan. Ikerketa-lerro honek hiru talde biltzen ditu: MIKER, ELEA, eta BAHI-IALE.
- MIKER. Hizkuntzen eta literaturaren didaktikaren eremua batzen du MIKER ikertaldeak. Hauek dira besarkatzen dituen problematika-gaiak: hizkuntzaren izaeraren karakterizazioa, curriculuma, gelako elkarrekintza, irakasleen formazioa, etab. MIKER ikerketa-taldea lau proiektutan aritu da lanean ikasturte honetan: a) “El desarrollo del euskera oral en la educación obligatoria. Estudio del aprendizaje en los usos orales en un centro escolar y su contexto” (Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu); b) "Diseño de una metodología para la práctica reflexiva del profesorado en la enseñanza-aprendizaje de la lengua oral (escuela infantil y primaria)", (MECek diruz lagundu); c) “Adimen emozionala ahozko ikas-irakaskuntzan (Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu), eta d) “Las condiciones del aprendizaje de la comprensión lectora” (MECek diruz lagundu). Formazio Iraunkorra alorrean, ahozko hizkuntzaren didaktikan hainbat ikastetxetan eman da formazioa IRALE programaren barnean. Horiez gainera, IKA erakundeari Saioa eskaini zaio eta Eusko Jaurlaritzako beste programa batzuetan ere aritu gara formatzaileak formatzen R500 eta R700 programetan. Berritzeguneek eta beste zenbait erakundek antolatutako jardunaldietan eta ikastaroetan ere parte hartu dugu (Eskola Hiztun bila, Irungo Berritzeguneko jardunaldiak, Hik Hasiko udako ikastaroak, etab.).
- ELEA. Ikertalde honen helburuak –bai hezkuntza arloan bai ikerketa arloan– honako hauek dira: a) kultur aniztasunaren trataera inklusiboa hezkuntza-sisteman eta kultur arteko hezkuntza eta b) balioen hezkuntza eta herritartasunerako hezkuntza. Azkeneko ikasturteko ikerketa-proiektu honetan zentratu da: “Hezkuntza prozesuaren protagonisten errepresentazioa (irakasle, ikasle eta gurasoena) ikasle etorkinen eskolatzearen inguruan”. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren diru-laguntza bati esker garatu da proiektua.
- BAHI-IALE: ikertalde honek ondorengo esparruetan egiten du lan: ezagutza arloko edukien eta hizkuntzen Ikaskuntza Integratua; ikasleen autonomiaren garapena atzerriko hizkuntzen ikaste-irakaste prozesuan; eleaniztasuna hizkuntza gutxituen testuinguruetan; hizkuntzen curriculum bateratua; hizkuntzen arteko transferentziak.
HAURTZAROAREN GARAPENA ETA BERE ONGIZATEA
Ikerketa-lerro honek haurtzaroa du ikergai 0-6 urte bitartean. Batez ere, haurraren garapen integralean jartzen du arreta, eta hura sustatzeko hezkuntza-inguruneetan behar diren baldintzetan. Ikerketa-lerro honek talde bi biltzen ditu: HAZITEGI eta KGNZ taldeak.
- HAZITEGI. Honen helburua da haurren garapen osasuntsua bermatuko duen haur-eskolaren (0-6) eredu berri bat diseinatu, aplikatu eta jarraipena egitea. 2001 urteaz geroztik, Hazitegi ikertaldeak areagotu egin ditu bere ekarpenak 0-6ko haur-eskolen garapenean gaiaren inguruan hainbat ikerketa, formazioa eta aholkularitza jorratuz. Ikasturte honetan, hain justu, Hazitegiko jarduna 3 eremutan oinarritu da. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko finantziazioarekin, lehiakortasun deialdiko proiektuan irakasleen Sentikortasuna Garatzeko Programaren (SGP) diseinu eta aplikazioan aritu izan gara; bestetik, lehiaketa publikoan lortutako diru-laguntzarekin Haurreskolak Partzuergoko 200 haur-eskola eta ia 1.000 hezitzaileri Curriculum Proiektuaren inguruko formazioa eta transferentzia eskaini diegu; eta azkenik, nazioarteko erreferentziazko kongresuetan egindako ekarpenak eta inpaktuzko aldizkarietan argitaratu dizkiguten artikuluak aipatu beharra daukagu.
- KGNZ. Proiektu honetan haur euskaldunen komunikazio-garapena aztertzen da. Horretarako MacArthur Fundazioak sortutako Communicative Development Inventories tresnan oinarritzen dira. Azkeneko ikasturteetan Communicative Development Inventories hirugarren bertsioa egokitzen ari dira; test honek 30-40 hilabete bitarteko haurren komunikazio garapena neurtzen du. Proiektu honetarako Ministerio de Ciencia e Innovación (MEC) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitatea eta Ikerketa Sailaren diru-laguntza dute.
BERRIKUNTZA PEDAGOGIKOA
Ikerketa-lerro honek aztergai ditu oinarrizko konpetentziak garatzera bideratutako ikaskuntza/irakaskuntza-prozesuen azalpen, antolaketa eta hobekuntzarekin lotutako arazoak; bereziki, “ikasten ikasi” eta “talde-lana” izeneko konpetentziak. Horretarako, ikuspuntu ezberdinetatik abiatzen da: a) ikasleak, haien ikasketa-ikuspegia, ikaste-irakaste-prozesuei buruz dituzten errepresentazioak, eta lortutako emaitzak; b) irakasleak, ikaste-/irakaste-prozesuei buruz dituzten usteak eta haien eragina prozesuan esku hartzeko moduetan; c) baliabide metodologikoak eta haien eragina prozesuaren antolaketa eta emaitzetan; d) kultura eta heziketa-zentroen antolaketa, eta haien eragina aldaketa metodologikoan. Ikerketa-lerro honetan ikasturte honetan zehar egindako ekarpenak hiru ekintza-talderen eskutik etorri dira: alde batetik, HEZI gunea, beste batetik Ikaste-Irakaste gunea, eta azkenik, hainbat ikerlari zeharka aritu direnak, eta hausnarketarako eta ekintzarako esparru bat eskaini dietenak ikerketa-lerro honen helburu orokorrei, zeinek bere diziplinan duen eskarmentuan oinarrituta.
Berrikuntza metodologiko ikerkeketa-ildoarekin lotutako bi ikerketan hartu dugu parte:
1. “Ikasten ikasteko konpetentzia garatzeko proposamen metodologiko eta aldagaien garapena”. Ikerketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz egin da. Ikaste-Irakaste gunearekin batera eta bi mailatan bideratu da, beti ere bizitza osoan zehar kalitatezko ikaskuntza garatzeko helburuz ikasten ikasteko konpetentzia ardatz dela. Alde batetik, Boloniako prozesuaren ondorio den hezkuntza-egitasmo berriaren mailan (aldagai metodologikoen esperimentazioa eta hausnarketa). Beste aldetik, 2008-2009 ikasturtean garatutako “unibertsitate mailako ikasleetan ikasten ikastea konpetentziaren garapenean eragiten duten aldagai desberdinak identifikazioa” ikerketari orain jarraipena eta lanketa sakonagoa eman zaio. Ikerketa horretan zoom egin da identifikatutako aldagai sozio-emozional batzuen gainean (ikasleen motibazioa, irakasle-ikasleen arteko harremanak eta ikas-komunitateko partaide sentitzea), ikasleen zein irakasleen ikuspegiak lotuz. Horrez gain, ikasten ikastea konpetentziak 2. mailako ikasleetan izandako bilakaera aztertu da.
2. “Las rúbricas de evaluación en formación por competencias: evolución y resultados”. EHUko Unibertsitateak bultzatutako proiektuan parte hartu da eta ondoko helburuak izan ditu: errubriken zentzua eta funtzionalitatea ezagutzea; errubriken erabilera; oztopatzen edo errazten duten aldagaiak identifikatzea; errubriken erabilerak ikaste-prozesuetan duen eragina ezagutzea; eta konpetentzien garapenean errubrikek bete ditzaketen funtzioa ezagutzea.
EUSKAL NORTASUNA ETA KULTURA
Hasi berri den ikerketa-lerroa da; bertan zenbait proiektu garatu dira euskal identitatearekin eta kulturarekin lotuta. Ikerketa-lerro honek SORGUNEAK taldea biltzen du.
- SORGUNEAK. 2007-2008 ikasturtean hasita, formazioari begira, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondoa ematen dugu. Formazioaren osagarri, Sorguneak ikertegia osatu dugu, ikerketa-eremuan aritzeko bost ikerlerroak jorratzen ditu: Sorkuntzak euskararen biziberritzean duen ekarpena eta bete beharreko funtzioa; euskal sortzaileaz, bere problematika sozial eta ekonomikoa, bere oroimen eta testigantza; euskal sorkuntzak gure hezkuntza arautuan izan behar duen tokia; euskal sorkuntzaren erronkak kokatzeko, berau baldintzatzen duten gizarte- eta teknologia-aldaketak; euskal sorkuntzaren inguruko egiturak eta politika publikoak. Horrela, azkeneko ikasturtean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak eskatuta, bi ikerketa bideratu ditugu. Alde batetik, Gipuzkoako lurraldean eskualdekako kultura-bizitzaren azterketa kualitatiboa egiteko; eta, bestetik, ekimenen ugaritasunak eragiten duen gain-produkzioa aztertu eta berorrek sor dezakeen kolapsoa eta atomizazioak dakarren arriskua ikertzeko. Ikerketa hauen transmisio-ekarpenak bi alditan aurkeztu ditugu:
a) Gipuzkoako Foru Aldundian, Kultura eta Euskara saileko politikariei eta goi-teknikariei
b) Mintzola Fundazioan: Ikerketa bideratzeko elkarrizketatu genituen pertsonei eta eztabaida-taldeetan parte hartu zutenei.
KOMUNIKAZIOA EREMUAN:
Ikerketa-lerroak
Hiru ardatzen inguruan egituratzen dira Komunikazioko ikerlerroak:
- Komunikazioa Erakundeetan: izen bereko aditu titulua hornituko dute ikerketa-ildo honetako lanek.
- Euskarazko ikus-entzunezkoen azterketa: Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu-titulua hornituko dute ikerketa-ildo honetako lanek; doktorego-programan Sorguneak ikertaldean integratuko da.
- Hezkuntza eta Komunikazioa: ikerketa-ildo nagusia ardatz honen inguruan eratzea pentsatu zen, eta bertara bideratzea aurrerantzean gunean egingo diren nahikotasun-ikerketa gehienak, Berrikuntza Metodologikoko master ofizialean eta HUHEZIko doktorego programan (Berrikuntza Hezkuntzan ikerlerroan) lekua egiteko eta modu horretan ikasleei ikasketen ibilbide osoa eskaini ahal izateko.
Proiektuen deskribaketa
2009ko urtarrilean amaitu zuen Beatriz Zabalondok Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren diru-laguntzari esker honako ikerlan hau: Bikoiztutako eta barne produkzioko telesailen azterketa: itsasoaren urdina eta Balbemendi I. urteko hizkuntza ereduak.
2009ko urtarriletik abendura, Masa-komunikazioa euskaraz XX. mendeko historia ikerketa burutu zuten Lierni Alkorta eta Aitor Zuberogoitiak, UEUren euskarazko ikasmaterialak sortzeko bekari esker.
Bilkurak eta bestelakoak
- Ekainean Media and Film Studies in the Age of the Internet astebeteko ikerketa-mintegia izan genuen University of Jyväskulä-ko (Finlandia) Tapani Huovila eta Aberystwyth University-ko (Gales) Martin Barker ikerlariekin. Bi ikerlariok, hitzaldiak eskaintzeaz gain, tutore gisa aritu ziren Komunikazio-arloan tesia edo nahikotasuna lantzen ari diren irakasleekin.
- EJTA (European Journalism Training Association) sareko urteroko bilkuran izan ginen.
- Mercator erakundeak gonbidatuta, gestio-unitateko kide batek Media Experts Seminar-ean hartu zuen parte Eskilstunan (Suedia). Horri esker, presentzia daukagu batetik, Mercator Mediaren Database of Experts-en, eta, horrez gain, ponentzia aurkeztu zuten Komunikazioko bi irakaslek maiatzean Mercatorrek berak Aberystwythen (Gales) eginiko Media Convergence and Linguistic Diversity bilkuran.
LANKIDETZA EREMUAN:
Hiru ardatzen inguruan egituratzen dira Lankidetzako ikerlerroak:
- Kooperatibagintza biziberritzea
- Gizarte berrikuntza
- Sare: garapenerako zubigintza
Proiektuen deskribaketa
Kooperatibagintzaren alorrean, batetik, lankidetzaren psikologian, parte-hartzean eta gizarte-konpromisoan ikerketa aplikatuari jarraipena eman diogu. Ikerketa hauetatik abiatuta, kooperatibak biziberritzeko proposamen integral baterako bidean lehen urratsak egin dira. Bestetik, Europako Life Long Learning programaren barruan SKILLS proiektuko ikerketa burutu dugu. Nazioarteko printzipio kooperatiboetan oin harturik, kurrikulum kooperatiboa osatzeaz gain, formaziorako unitate didaktiko berriak egin ditugu, Moodle plataformara egokituak.
Gizarte-berrikuntzaren alorrean azpimarratzekoa da Bailara proiektua. Gizartearen humanizaziorako norabidean kokatua, elkartasuna, euskaltasuna eta iraunkortasuna ditu ipar nagusi, eta auto-eraketa hartzen du bide. BAGARA SORTZEN elkartearekin batera bultzatu dugu eta bailarako eragile kooperatibo eta sozialei irekia dagoen prozesua da eta batez ere gizarte sustapenean jartzen du indarra. Alor horretara begira kokatu dira nagusiki Gizarte berrikuntzatik egindako oinarrizko gogoeta eta ikerketa-lanak.
SARE gunetik jarraipena eman zaie Hirugarren munduko ekonomia solidarioko esperientzien inguruko ikerketa-lanei. Bi izan dira arreta guneak: Arrasateko kooperatiba-esperientzia eta hegoaldeko ekimenen arteko lankidetza-fluxua eta ekonomia solidarioko iniziatiben garapenerako curriculuma. Aldi berean, hizkuntza gutxituko herri indigenekiko lankidetza-fluxua ikertu da.
“Iraunkortasunerako trantsizioa: Euskal Herrirako ikasbideak” Nazioarteko mintegia antolatu dugu, eta bertan Ingalaterrako Transition Mugimenduko bi ordezkarik hartu dute parte.
UEUrekin batera “Iraunkortasunerako euskal trantsizioaz: herri ekimenaren desafioak” udako ikastaroa antolatu dugu.
