Ikertaldeak

MIKER

MIKER taldea 2006an sortu zen, Matilde Sainz Osinaga doktorearen zuzendaritzapean. Unibertsitatearen eta eskolaren arteko lankidetza marko baten barnean, honako alderdi hauetan ardazten da taldearen ikerlana: a) irakasleen hasierako prestakuntza eta prestakuntza jarraitua, haien irakasle jardunaren azterketatik abiatuta; b) hizkuntzak eta literatura irakastea eta ikastea hezkuntza eleaniztun batean, hizkuntza gutxitu baten presentzia bermaturik. Hala, taldearen helburua zera da: hezkuntzako profesionalek ezagutza sortzea kalitatezko hezkuntza eleaniztun bat sustatzeari begira.

Prestakuntza ikertuaren marko horretan, MIKER taldeak sakonki aztertu nahi luke hizkuntza irakasleen lana, L1 edo L2 hizkuntzen irakaskuntza ardatz hartuta; bestalde, ahozko hizkuntza, idatzizkoa, ulermena eta literatura irakasteko praktikak zehaztu eta aztertu nahi lituzke; eta, aldi berean, hezkuntza etapa eta hizkuntza bakoitzaren zailtasunak eta erronkak ere zedarritu eta ulertu nahi lituzke. Hizkuntzen irakaskuntzari eta ikaskuntzari dagokionez, ikuspegi aski zabal bat aldarrikatzen dugu, zenbait irakaskuntza mailatako hizkuntzaren didaktikarekin loturiko alderdiak biltzeko eta curriculumeko hizkuntza guztiak aintzat hartzeko, nahiz eta hizkuntzaren paradigma soziodiskurtsiboak gidatzen duen taldea (Bronckart 1985, 1997, besteak beste), bai epistemologikoki, bai metodologikoki, diskurtsoaren analisiaren bitartez.

Irakasleen prestakuntzaren arloan (hasierakoa eta jarraitua), prestakuntzaren ingurune berrien, jardueren analisiaren eta bideo prestakuntzaren testuinguruan kokatzen gara. Proposatzen ditugun metodoen helburua zera da: jarduerak bideoz itxuratzea eta espazio egokiak eskaintzea eragileek analiza ditzaten, aurrez aurreko metodoen bitartez (arrunta, gurutzatua eta kolektiboa). Eragileen esperientziek eta esperientzia horiek hitzez adierazteak espazio bat eratzen dute jarduerak eta haien esanahiak azaleratzeko eta garatzeko. Hain zuzen, Frantziako ergonomian errotua da marko hori (Durand 2008; Clot, 1999): jarduera profesionala aztertzen da, hura eraldatzeko (Yvon, 2010).