Erasmus. Arautegia eta informazio praktikoa
Matrikulazioa - Prozedura
- Bete Erasmus eskaera orria eskatu nahi dituzun kurtsoekin, gustukoen dituzun aukeren arabera ordenatuta. Kontuan izan, ikasturteko deialdi bakarra dagoela eta azken eguna 2008ko otsailaren 15a dela.
- Eskaera guztiak aztertu ondoren, HUHEZIko Nazioarteko batzordeak aukeratuko ditu ikasleak irizpide hauek kontuan izanda:
- Hizkuntza maila
- Espediente akademikoa eta curriculuma
- Motibazio pertsonala
- Aukeratzen bazaituzte, Nazioarteko koordinatzailea jarriko da zurekin harremanetan. Eskaerak noiz, non eta nola egin behar dituzun azalduko dizu.
- Atzerriko unibertsitateko eskari orria (Aplication Form) bete beharko duzu orduan, eta hango erantzuna baiezkoa ala —hainbat arrazoirengatik— ezezkoa izan daiteke. Programa bakoitzera HUHEZItik urtero gehienez bi ikasle joan daitezke.
- Atzerriko Unibertsitatean onartzen bazaituzte, unibertsitate hori zurekin jarriko da zuzenean harremanetan posta elektronikoz (oso inportantea da eskaeran posta ondo idaztea eta posta sarri begiratzea).
- Joan aurretik Erasmus dokumentazioa sinatu beharko duzu Mondragon Unibertsitateko Errektoretzan.
Matrikulazioa – Kontuan hartzekoak
- Mondragon Unibertsitateko ikaslea izaten jarraituko duzu eta ohiko matrikula tasak ordaindu beharko dituzu hemen.
- Harrera unibertsitatean matrikula egin beharko duzu Nazioarteko Harremanen sailak adieraziko dizun eran, baina ez duzu matrikula tasarik ordainduko han. Hala ere helburuko unibertsitateak diru-kantitate txiki bat eskatu ahal izango dizu aseguruaren edo hainbat materialen erabileraren gastuei aurre egiteko.
Ebaluazioa – Kreditu aitormena
- Ebaluazio irizpideak atzerriko unibertsitatearenak izango dira, beraiek jarriko dute nota. Irizpide horiek argiak izaten dira eta kurtsoen dokumentazioan agertzen dira.
- Egonaldia bukatzean noten ziurtagiria —"Transcript of Records"— eskatu beharko duzu atzerriko fakultatean. Hona heltzean agiri hori nazioarterako koordinatzaileari entregatu beharko diozu.
- Egonaldia egin aurretik zure ikasketen koordintzaileak eta nazioarterako koordinatzaileak aitortuko zaizkizun ikasgaiak zehaztuko dizkizute.
- Hiru hilabeteko egonaldien kasuan, HUHEZIn lauhilabetea osatzeko egin beharko duzuna zure ikasketen koordinatzaileak zehaztuko dizu.
- Atzerrian izandako nota edo nota guztien media izango da HUHEZIko ikasgaietan izango duzun nota.
- Egonaldian gainditzen ez dituzun kredituak Mondragon Unibertsitateko zure ikasketen koordinatzaileak adieraziko dizu nola gainditu.
- Berriro hona heltzean Fakultateak erraztu egingo dizu klaseko dinamiketara murgiltzea, eta zuk ere ahalegin berdina egin beharko duzu.
Bekak, finantziazioa
- Esan bezala, ez duzu matrikula tasarik ordaindu beharko han, baina zure kontura izango dira bidaia, pisua, janaria…
- Egonaldi hauetan Erasmus beka jasoko duzu (g.g.b. 130 euro hilero kurtso honetan). Beka honen eskaera HUHEZIk kudeatuko du.
- Eusko Jaurlaritzaren beka ere jasoko duzu (g.g.b. 100 euro hilero kurtso honetan). Beka honen eskaera HUHEZIk kudeatuko du.
- Gainera, Kutxak, BBK-k eta Vital Kutxak ere bekak ematen dituzte Erasmus egonaldietarako. Hori zuk zeuk kudeatu behar duzu. Eskaerak egiteko epea maiatzean zabaltzen da eta hilabete bat egoten da epea zabalik.
Aseguruak, dokumentuak
- Europan mediku-estaldura edukitzeko “Europako Osasun Txartela” atera beharko duzue Gizarte Segurantzan (CAISS). Informazio gehiago 900 166565 telefonoan edo www.seg-social.es helbidean.
- Istripu-asegurua ere egin beharko duzu joan aurretik dokumentu honetan agertzen den eran.
- Nahiz eta Europar Batasuneko herrialdeetara joan, pasaportea eguneratuta eramatea gomendatzen dizugu, ez joan NANrekin bakarrik.
Ostatua
- Kasu batzuetan unibertsitateek beren egoitzak dituzte; beste batzuetan logelak bilatzeko laguntza zerbitzuak dituzte; eta beste batzuetan zure esku geratzen da ostatuaren kudeaketa guztia. Logelen salneurriak hileko 300-500€ artekoak izaten dira leku gehienetan.
- Lehenengo bi kasuetan egonaldiko matrikula egiterakoan ostatuaren eskaera ere egin behar izaten da. Askotan diru kopuru bat aurreratu beharko duzu seinale gisa. Ostatuko eskaera eta prozesu guztia zuzen eta garaiz egitea gomendatzen dizugu.
Motibazioa eta bestelakoak
- Egonaldi hauek zure proiektu pertsonal bihurtu behar dituzu. Zure inplikazioa ezinbestekoa da horrelako proiektu konplexu bat aurrera ateratzeko. Izan ere, egun oso onak izango dituzu, baina zailtasunak ere bai.
- Zoazen herrialdeko unibertsitateaz, kulturaz, hizkuntzez eta hezkuntza sistemaz ahal duzun guztia irakurtzea gomendatzen dizugu, bidaia girotzeko eta egonaldiari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
- Programa hauek kalitatezko hezkuntza sistemak dituzten herrialdeetako unibertsitateetan eskaintzen dira, Pisa 2003 txostenean ikus dezakezun bezala.
Txema Egaña
Nazioarteko Harremanen Arduraduna
HUHEZI – Mondragon Unibertsitatea
Tel. 943 714157 Luz. 150
Faxa. 943 714032
txema_egana@huhezi.mondragon.edu
