Praktikak

Praktikak eta Karrera Amaierako Proiektuak betidanik izan dira Mondragon Unibertsitatearen ezaugarri bat, hasiera-hasieratik garbi izan dugu-eta berauen bidez ikasleak hobeto kontrastatuko dituela teoria eta praktika, eta hurbiletik ezagutuko duela lan giroa, hain justu gero berak lan egingo duen alorrean, dela enpresa, irakaskuntza, nahiz komunikazioa.

Horregatik, garrantzi handia ematen diegu praktikei, horien ondorioz, ikaslea harremanetan jarriko da-eta lan munduarekin. Mondragon Unibertsitatea MCC korporazioko kide da. MCC 230 enpresak eta 70.000 langilek baino gehiagok osatzen dute. Horrezaz gain, unibertsitatea elkarlanean ari da Euskal Herriko ehunka enpresa, ikastetxe eta hedabiderekin, berauetan praktikak egin ditzaten gure ikasleek.

Harreman estu horri esker, badakigu inguruko enpresek, ikastetxeek eta hedabideek zer premia dituzten. Ondorioz, gai gara gure eskaintza premia horietara egokitzeko. Horrek, era berean, gure ikasleak lan-munduan azkar kokatzea bermatzen du.

Praktiken iraupena karreraren araberakoa izango da. Hala ere, kasu guztietan jarraipen estua egiten zaie ikasle guztiei, unibertsitatean, enpresan, ikastetxean nahiz hedabidean, non ari den ikaslea praktikak egiten.

Praktikak atzerrian

Zenbait kasutan, praktikak atzerrian egiteko aukera ere eskaintzen dugu, beste ikastetxe batzuekin egindako hitzarmenei esker. Irakasle ikasketak diharduten ikasle asko herrialde hauetara joaten dira praktikak egitera, hango ikastetxeetara: Gales, Eskozia, Ingalaterra, Irlanda, Nikaragua eta Venezuela, besteak beste.

Horiekin batera, eta Mundukide Fundazioaren laguntzarekin, beste ikasle batzuek aukeratzen dituzte Hego Ameriketako zenbait herrialde praktikak egiteko, hala nola Kolonbia, Brasil, Guatemala, Kuba, etab.