Martxoaren 11n aurkeztuko da Bagara prozesua, Debagoienean eragiteko asmoz

2010/03/07

Bagara prozesu bat da, Debagoiena bailararen gizarte garapenean eragiteko. Debagoienean bertan sortu da, Lanki ikertegiak bultzatuta, eta bertan 80 gizabanakok hartzen dute parte, egun hauetan gehienak buru-belarri prestatzen martxoaren 11ko aurkezpena, Amaia antzokian, Arrasaten.

2008an sortu zen Bagara prozesua, ikusita zelako egonezina zegoen jende askorengan, pozik ez Debagoienaren gizarte ereduarekin. Jon Sarasua Lankiko zuzendariak horrela azaltzen du: “Azken hamar urteotan, kooperatibetan sortu zen kezka bat: kooperatibak sortu ziren herrigintzarekin oso lotuta, eta bai bailarak, bai kooperatibek eurek, asko irabazi dute lotura horretatik; baina orain, lotura hori jauzi kualitatibo baten beharrean dago”.

Lau oinarri, hiru lan-arlo

Bagara prozesuaren logoak erakusten duen gisan, prozesuak berak lau oinarri ditu: euskalduntasuna, lankidetza, elkartasuna eta iraunkortasuna. Lanean, berriz, hiru arlotan ari dira lan taldeak: sustapena, hezkuntza eta kooperatibak.

  1. Sustapena. Arlo horretan, bederatzi esparru identifikatu dituzte Bagara kideek: euskalgintza, immigrazioa, gazteen konpromisoa, erretiro aktiboa, kulturgintza, nekazaritza, etxebizitza, kontsumoaren humanizazioa eta iraunkortasuna. Eragileek asmoa dute Gabonetarako talde bakoitzak gutxienez proiektu bat aurkeztea.
  2. Hezkuntza. Arlo horretan ere lana aurrera doa, esate baterako Arizmendi ikastolarekin batera lantzen ari diren laborategia, hezkuntza berrizteko, edo arkitektura proiektu bat hezkuntzari bideratua.
  3. Kooperatibak. Arlo horretan antolatzaileek nahi dute kooperatibak gizarte erantzukizunean indartu: barrura begira, “kooperatibak biziberritu”, eta kanpora begira, “kooperatibak saretu”.

Bagara prozesuaren esparru geografikoa Debagoiena osoa da, baina, bultzatzaileek adierazi dutenez, oraingoz, zenbait proiektu eskala txikiagoan landuko dituzte, Leintz bailaran, Gatzaga eta Arrasate artean.