Albisteak

Curriculumaren gaia landuta, kalean da 'Jakingarriak' aldizkariaren 75. zenbakia

2016/03/16

Kalean da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak kaleratzen duen Jakingarriak aldizkariaren 75. zenbakia. Azken zenbaki honek jorratzen du komunitatearentzat estrukturala den gai garrantzitsu bat: curriculuma. Ohi den bezala, argitalpenean bildu dira fakultateko irakasleen eta kanpoko eragileen ezagutza. Jakingarriak doan banatzen da eta online ere eskuratu daiteke.

Jakingarriak 75. zenbakiaren helburua izan da erantzutea curriculumaren inguruan hurbileko hezkuntza komunitatean antzematen diren kezkei, horretarako hainbat adituen iritziak jasoz. Curriculumaren garrantzia azpimarratzeaz gain, adituek kultur homogeneizazioari aurre egiteko eta hezkuntza eragileen arteko artikulazio eraginkor eta jasangarria lortzeko funtsezko tresnatzat dute (euskal) curriculum adostu bat.  

Curriculumaren gaia lantzeko, lau artikulu nagusi eskaintzen ditu aldizkariak; denak ala denak euskaraz, eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko bertako zein kanpoko irakasleek eta ikerlariek idatzitakoak. Honakoak dira aldizkariaren azken zenbakian argitaratutako lanak: 

  • Kultura ondarea, curriculuma eta natura, gizarte eta kultura ingurunearen ezaguera jakintza arloa. (Iñigo Ramirez de Okariz. MONDRAGON UNIBERTSITATEA).
  • Ekinez nor izateko, Euskal Curriculuma. (Asier Lauzurika. MONDRAGON UNIBERTSITATEA).
  • Orioko Curriculuma sortzen. (Iñigo Gaiton, Ruben Iglesias eta Eider Salegi Orioko Curriculuma Sortzen taldeko eragileak eta MONDRAGON UNIBERTSITATEko irakasleak).
  • Nolako herria, halako curriculuma. Nolako curriculuma, halako herria. (Joxe Mari Auzmendi. Hik Hasi-ren koordinatzailea).

Gainera, betiko moduan, aldizkariak Liburu berrien erreseinak ere jasotzen ditu eta han-hemenka argitaratutako aipuen bilduma, gehienak irakaskuntza alorreko jendeak esandakoak.

Urtean behin kaleratzen da Jakingarria, eta  Larraitz Ariznabarreta irakasle eta ikertzaileak zuzentzen du aldizkaria.

Jakingarriak paperean argitaratzen da, baina, online jartzen da interesatu guztien eskura: 

Curriculumaren gaia landuta, kalean da 'Jakingarriak' aldizkariaren 75. zenbakia

'Jakingarriak' aldizkariaren 75. zenbakiren azala.