Huhezinema film laburren zinemaldiak prest dauka hirugarren edizioa
Ez dago birik hirurik gabe. Hori gogoan, HUHEZI fakultateko ikasleek, Ikus-entzunezko Komunikazioan dabiltzan 4. mailakoak, hasi dira prestatzen Huhezinemaren hirugarren aldia, departamenduko zenbait irakasleren laguntzarekin. Huhezinema film laburren zinemaldia da, eta egingo da apirilaren 27tik 29ra bitartean, Debagoieneko zenbait gunetan, baina bereziki Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako fakultatean. Lanak aurkezteko epea martxoaren 12an amaituko da.
Izena emateko
Izen-ematea
behar bezala egiteko, ezinbestekoa da lau urrats egitea. Lehenik,
Huhezinemako webgunearen bitartez izen-emate orria jaitsi behar da.
Bete eta bidali egin behar da posta arruntez edo e-mail bidez,
zuzendariaren nortasun txartelaren kopiarekin, filmaren kartelarekin
eta bi fotogramarekin batera, jpg formatuan. Halaber, film labura DVD
formatuan bidali beharko da ondorengo helbidera: HUHEZINEMA 2010 Film
Laburren Jaialdia, HUHEZI - Dorleta auzoa, z/g, 20540 Eskoriatza.
Ixten
denean lanak bidaltzeko epea, Aukeraketa Batzorde batek film laburrak
ikusi eta aukeratuko du aurkeztutako filmetan zeinek parte hartuko
duten lehiaketan. Antolatzaileen eskuetara heltzen diren lanen artetik
10 aukeratuko dituzte Sail Ofizialean lehiatzeko. 10 film laburrok 400
euro jasoko dituzte aukeratuak izateagatik bakarrik. Orobat, Epaimahai
Ofizialak 400 euroko dirusaria banatuko dio euskarazko Film Labur
Onenari eta aipamen bereziak fikzio, dokumental eta animaziozko film
labur onenei.
Sariak apirilaren 29an banatuko dira ekitaldi
berezi batean, eta ezinbestekoa izango da bertan parte hartzaileak
izatea, ekitaldian bertan jakinaraziko baitira saridunak.
Iaz bezala, bestalde, aurten ere Huhezinemak izango du tokia Facebook saren sozialean.
