Albisteak

Abian da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren X. edizioa

2017/01/09

2017ko otsailaren 16ra arte egongo da irekita epea lanak aurkezteko Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren X. edizioan. Jaialdia egingo da 2017ko martxoaren 28tik 31ra bitartean, ohikoa den bezala, Aretxabaletako Arkupe Kultur-Etxean. Ikus-entzunezko Komunikazio graduko 4. mailako ikasle talde batek antolatzen du Huhezinema.

Sail desberdinetan dago antolatuta jaialdia, eta sari ugari banatzen ditu urtero. Oraingo edizioan, ia 6.000 euro banatuko dituzten saritan:

  • Sail Ofiziala. Euskal Herrian (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) jaioak edo Euskal Herrian erroldatuta daudenei zuzenduta. Sail honetarako 10 film labur aukeratuko dira, horietako bakoitzak 200 euroko diru-saria jasoko du. Hamar horien artean, hurrengo hiru sari banatuko dira:
    • Goiena Saria. Euskarazko film labur onena sarituko du Goiena Komunikazio Taldeak 800 eurorekin. Horrez gain, Ogeita4 Camera Solution enpresak 1.500 eurotan baloratutako kamera ekipamendua utziko dio irabazleari,  euskarazko film bat egiteko eta 2018ko Huhezineman aurkezteko.
    • Vertigo Saria. sarituko du 500 eurorekin ekoizpenerako edo banaketarako diru laguntza publikorik jaso ez duen jaialdiko lan onena.
    • Ikusleen Saria. Sari ofizialeko ikusleek 300 euroko saria emango dute.
  • MU Ikasleen Saria. Sail honetan parte hartu ahal izango du MONDRAGON UNIBERTSITATEAn 2016-2017 ikasturtean matrikulatuta dagoen edozein ikaslek. Hiru sari banatuko ditu atal honek:
    • Fikzio Onenaren Saria: 300 euro
    • Dokumental Onenaren Saria: 300 euro
    • Ikusleen Saria: 100 euro
  • Basque Culinary Lehiaketa. Euskal Herrian (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) jaioak edo Euskal Herrian erroldatuta daudenei zuzenduta. Bi sari banatuko ditu Basque Culinary Lehiaketak:
    • Basque Culinary Saria: 500 euro.
    • Ikusleen Saria: 100 euro.

Aurtengo edizioan, gainera, badira berrikuntzak lanak aurkezteko moduan. Izan ere, oraingoan film laburrak aurkezteko nahikoa izango da izen-emate fitxa betetzea eta bidaltzea Vimeo bideo plataformara igotako lanaren esteka. 

Huhezinema ez da ohiko lehiaketa bat, izan ere, irakasleen laguntzarekin eta graduko Kultur ekitaldien antolaketa izeneko proiektuaren barruan, MONDRAGON UNIBERTSITATEko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko 4. mailako ikasleek antolatzen dute sariketa. Aurten, 20 laguneko talde batek antolatuko du Huhezinema, ohi bezala, hiru taldetan  banatuta: programazio taldea, produkzio taldea eta komunikazio taldea.

Abian da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren X. edizioa

2017ko Huhezinema jaialdiko antolatzaileak.