Huhezik, Gizabideak eta Eskoriatzako Udalak hitzarmena aurkeztu dute
Eskoriatzako Udalak, Gizabidea Fundazioak eta Mondragon Unibertsitatearen Huhezi Fakultateak lankidetzarako hitzarmena aurkeztu dute Eskoriatzako udaletxean. Hitzarmen horrek badu aurrekaririk iraganean, baina gaur aurkeztutakoa datozen egunetan sinatuko da.
Lau ardatz nagusi
Lankidetzarako hitzarmenak lau ardatz izango ditu:
- Kultura ekintza bateratuak. Eskoriatzako herria kontuan hartuta, Eskoriatzako Udalak eta Huhezik koordinatu egingo dute kultura programazioa. Era berean, Huhezik antolatzen dituen kultura ekintzak ireki egingo dizkio Eskoriatzako herriari.
- Azpieguturen erabilera. Eskoriatzako herritarrek erabili ahal izango dituzte Huheziren parkina eta beronen aretoak, herrian antolatzen diren kultura ekitaldietarako. Huhezik, bestalde, udal kirol instalazioak erabiliko ditu Heziketa Fisikoko espezialitatean.
- Ikasleen praktikak eta karrera amaierako proiektuak. Eskoriatzako Udalak hainbat praktika eta proiektu aurkez dezake, Huheziko ikasleek egin ditzaten, esate baterako, aisialdiaren inguruan edo etorkinen gainean, komunikazio planak, bideragarritasun planak, etab.
- Ikerketa. Eskoriatzako Udalak ikerketa lanen bat egiteko beharra duenean hezkuntzan, hizkuntzan edo soziologian, erabili ahal izango ditu arlo horietan Huhezik dituen gaitasunak.
Lau ardatz nagusi horiez gain, alde guztiek aurreikusten dute aukera
kolaborazio puntualak egiteko. Prentsaurrekoa giro onean egin da, Pedro
Lasagabaster Eskoriatzako alkateak esandako hitzekin bat: "Eskoriatzan
harro gaude bertan unibertsitate bat dugulako". Bai Nekane Arratibel
Huheziko dekanoak eta baita Arantxa Unzueta Kultura zinegotziak ere
poza agertu dute, alkatearekin batera, aurkeztutako hitzarmenagatik.
