HUHEZIk eta eitb24k hitzarmen bat egin dute, Erasmus ikasleek EITBren zerbitzu horretan egin ditzaten praktikak
Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, HUHEZIk, eta eitb24 zerbitzuak hitzarmen bat egin dute, 2008-2009 ikasturtean HUHEZIra datozen Erasmus ikasleek, bereziki Ikus-entzunezko Komunikazioa egitera datozenek, praktikak egin ditzaten EITBren sareko zerbitzuan, Bilbon, ingelesezko atalean lan eginda.
Hitzarmenaren arabera, astean behin Erasmus ikasleak Bilbora joango dira, EITBren bulego nagusietara, eta han egun osoa egingo dute praktikak egiten eitb24 zerbitzuan. Bilbon, orpoz orpo egingo dute lan eitb24ko langileekin, eta eginkizun hauek izango dituzte: web formatura egokitu teletipoetatik ingelesez datozen informazioak, eitb24 webgunean argitaratzeko, eta albisteak zenbait informazio batzailetara bidali. eitb24ko arduradunek ebaluatuko dituzte ikasleak.
Bigarren lan bat ere izango dute ikasleek, hitzarmenaren arabera: blog bat irekitzea eitb24 zerbitzuan, eta hor beren esperientziaren berri eman, Euskal Herrian dabiltzan bitartean. Astean gutxienez hiru mezu idatzi beharko dituzte, zenbaitetan argazki, bideo eta audio zatiekin batera.
Eta hirugarren lana izango dute lau erreportaje idaztea Euskal Herriari buruz, eurek aukeratutako gaien inguruan. Hiru lanak ingelesez landuko dituzte.
Ikastaroaren berazitasunak
Ikastaro hauek berritasun handia dakarte, orain artean Euskal Herriko unibertsitate gehienek erakartzen baitzituzten atzerriko ikasleak gaztelaniazko eta frantsesezko ikastaroak antolatuta. Bi ikastaro hauek, berriz, erabat ingelesez emango dituzte HUHEZIko irakasleek.
Ikastarook antolatu dira Ipar Europako herrialdeek (Norvegiak, Danimarkak, Finlandiak eta Holandak) ezarritako ereduari jarraituz, hedapen txikiko hizkuntzak izanik, aukeratu baitute ingelesa nazioarteko ikasleak erakartzeko
