Huhezi gero eta hedatuago dago sare sozialetan, Interneten

2009/01/30

Merkatuak elkarrizketak dira, eta gaurko merkaturik handiena Internet denez, Huhezik parte hartu nahi du, gero eta gehiago, elkarrizketa horietan. Hori dela-eta, gure fakultateak areagotu egin du bere presentzia Interneten gaur egun dauden gunerik bizi eta eraginkorrenetako bitan: Facebook-en eta Twitter-en.

  • Facebook. Sare sozial honetan, Huhezi talde moduan antolatu da, eta bertan hasi dira parte hartzen Huheziko hainbat irakasle, kontua dugunok Facebooken, dozena bat inguru. Poliki-poliki, sare sozial horretan dabiltzan ikasleek ere ateak zabalik izango dituzte, nahi izanez gero bertan parte hartzeko, eta berau aprobetxatuko dugu elkarren berri izateko.

FacebookHuhezi

 

  • Twitter. Atzo ezkero, Huhezik kontu bat du Twitter-en, gaur egun mikroblogintzaren adibiderik inportanteena (bertan mezuak 140 karaktere baino gutxiago izan behar ditu), eta dagoeneko hasi da informazioa zabaltzen fakultatearen jardueraz. Denboraz, kontu horren inguruan jarraitzaile sare bat sor daiteke, eta horiek jaso ditzakete bertako informazioak bai ordenagailuan eta baita eskuko telefonoan ere.

Bestelako guneak

Dena dela, hor ez da amaitzen Huheziren presentzia Interneten. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak webgune dinamikoa du, hauxe, txertatuta Mondragon Unibertsitatearenean. Horrezaz gain, Lanki ikertegiak ere aspalditik du webgunea. Baita, aste hau ezkero, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa Aditu tituluak ere. Azken honek bloga izango du txertatuta, ikastaroko ikasleek bertan parte har dezaten.


Cluetrain Manifestuaren azken puntuak dioenez, "esnatzen ari gara, eta bata bestearekin konektatzen. Begira gaude. Baina ez gaude zain".