Albisteak

Etxauzia proiektuak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak elkarlan-hitzarmana sinatuko dute ostiralean

2017/11/14

Ostiraleran, hilaren 17an, elkarlan-hitzarmena sinatuko dute Baigorriko Etxauzia proiektuak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak.  Hitzarmen horren ondorioz, fakultateko ikasleek aukera izango dute hobeto ezagutzeko Ipar Euskal Herri barnealdeko errealitatea eta hango esperientziak. Gainera, hitzarmen-sinadura ekitaldia baliatu dute berresteko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak lagunduko duela Etxauzia proiektua 13.000 € inguruko ekarpenarekin. Ekitaldia egingo da Eskoriatzako campusean, 11:00etan hasita eta irekia da.

Sinatutako hitzarmenak jasotzen du bi erakundeen arteko elkarlana iraunkortzeko asmoa. Elkarlan horrek aukera emango du Ipar Euskal Herrian Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen lana ezagutarazteko eta hango eragileekin zubiak eraikitzeko. Aldi berean, Etxauzia Elkarteak Mondragon Unibertsitateko fakultateko ikasleei Ipar Euskal Herri barnealdean abian diren esperientziak ezagutaraziko dizkie, eta haiek gertutik ezagutzeko aukera eman. 

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak babestuko du Etxauzia proiektua IPDKren bitartez, alegia, heziketa eta kooperatiba sustapenerako eta interes publikoa duten beste helburu batzuentzako kontribuzioa erabilita. Bi urtetan banatuko du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Etxauziari emango dion diru-laguntza. Iazko ikasturtean, 6.890,66 euro eman zizkion; aurtengo kopurua zehaztu barik dago, baina, ondo bidean, antzeko kopuru bat izatea espero da (erabakia dago 2018 otsaileko Batzar Orokorraren baieztapenaren zain).

Baigorri (Nafarroa Beherea) inguruko herritarrek, enpresek eta erakundeek abian jarri dute Etxauzia erosteko kanpaina. Ia mila urte dituen gaztelu horrek historia luzea gordetzen du bere barnean. Zehazki, Ipar Euskal Herriaren barnealdea biziarazteko ekonomia, kultura eta hizkuntzan oinarritutako proiektua egiteko. Horrekin batera, diaspora eta historia ere landuko dituen egitasmoa da Etxauziarena. Dagoeneko, bildu dituzte 400.000 euro; diru horrek lagunduko die, batez ere, jauregia erosteko.

Etxauzia proiektuak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak elkarlan-hitzarmana sinatuko dute ostiralean

Etxauzia proiektua gauzatzeko erosi nahi duten jauregia.