Gure Erasmus ikasleak oso pozik itzuli dira, atzerrian denboraldi bat eginda
Esan daiteke urtero errepikatzen dela: gure ikasleak gero eta pozikago itzultzen dira atzerrian egindako Erasmus egotaldietatik. Aurten ere hainbat iritzi jaso ditugu, eta denak dira baikorrak.
Ikasleen iritziak
Aitor, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Windesheim University (Herbehereak)
Asko ikasi dut. Benetan konturatu naiz herrialde honetan komunikazioaren ikuspegi globala dutela. Komunikazio produktuak era globalean diseinatu eta antolatzeko prozesuak behatzea oso aberasgarria izan da niretzat"
Xabier, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Windesheim University (Herbehereak)
Erasmus programak herrialde ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera eman dit, beste irakasteko metodo batzuk ezagutzeko aukera ere, akademikoki ikasteko eta, nola ez, herrialde bat sakonki ezagutzeko aukera. Hala ere, niretzako garrantzitsuena pertsona bezala ikasi dudana izan da: Jende berria ezagutu, popatik hartzera bidali edo bizitza osorako bihotzean gorde, zure lekua aurkitu eta batez ere adoretsu izan bertako jendea ezagutzeko, ikasleak ez direnak eta Erasmusak ez direnak, nire kasuan Holandesak.
Nagore, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Windesheim University (Herbehereak)
Eta esperientziaren inguruan ba zer esan, aukera ikaragarria dela gauza mordoa ikasteko. Jende asko eta oso ezberdina ezagutzen da, kultura ezberdinak, hizkuntza, bizimodu ezberdin batera ohitzea, eta baita ere bakarrik bizitzen ikastea garrantzitsua da. Nire ustez oso aberasgarria izan da esperientzia hau, eta soilik behin egin daitekeen zerbait denez aprobetxatu beharrekoa. Honen ostean irekiagoak garela uste dut, eta bidaiatzeko gogoak behintzat asko pizten dira.
Olaia, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Tallinn University (Estonia)
Orokorrean, balorazio positiboa egingo nuke. 5 hilabetetan, mundua gehiago ezagutzeko parada bikaina izan baita. Bidaia asko egiteko leku aproposa da Estoniako lurraldea, eta gure lehentasuna bidaiatzea izan da guztiaren gainetik. Oso jende ona ezagutzeko aukera bat ere bada, eta kontaktu horiek hor daude betirako: beraien lurraldera joateko hemendik urte batzuetara edo...auskalo!
Ekaitz, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Tallinn University (Estonia)
Zure burua kokatzen laguntzen du Erasmus esperientziak. Eguneroko txikikerietatik hasita (sukaldean hobetu, garbigailuarekin borrokatu) gauza handiagoetara arte. Herrialde bat barru-barrutik ezagutzeko atea irekitzen du. Egia esan, esperientziaren ondoren bidaiatzeko gogoa eta nire inguruan parte-hartzeko gogoa pizten dira. Ingeleraren muga psikologikoa baduzu, lasai. Beti dago ingelera mintzatzen ideia zorririk ez duen jendea, eta aurrera egiten du inolako arazo barik. Apurka-apurka buruan dauden konplexuak ere erori egiten dira bere kabuz, urrunago iristen zara
Asier, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Tecnológico de Monterrey (Mexiko)
Nire Erasmus bidaia Mexikora izan da eta oso pozik bueltatu naiz Euskal Herrira. Oso esperientzia aberasgarria izan da. Mundo osoko pertsonak ezagutu ditut eta primeran konpondu naiz beste hizkuntzetan hitz egiten. Karrerari dagokionez tresna berri askoren erabilera ezagutu dut Eskoriatzan ikusi ez ditugunak eta esan dezaket Mexikoko ikus-entzunezko industria oso indartsua dela.
