Garabidek formazio saioak antolatu ditu Ekuadorren bi telebista kate sor ditzaten kitxuaz
Garabide elkarteak formazio egitasmo bat antolatu du, Ekuadorren bi
telebista kate berri sortzeko, kitxuaz emitituko dutenak. Hori
dela-eta, otsailaren lehendabiziko hamabostaldian hamar laguneko taldea
izango da Euskal Herrian, batzuk Pichincha eta Umbabura probintzietatik
etorriak eta besteak Cotopaxitik, denak Ekuadorkoak.
Bi aste horietan, oinarrizko formazioa emango zaie indigenen
ordezkariei, han daudenean gai izan daitezen telebista bat abiarazteko:
aholkularitza lana, formazioa enpresak sortzeko, erakutsi kooperatibak
eta enpresa ereduak, baita telebista esperientziak Euskal Herrian ere,
ohartarazi hizkuntzaren estandarizazio beharraz, eta erakutsi egungo
programazio ereduak eta langintza multimedia. Programa hau osatzeko,
Garabide elkarteak Huhezi fakultatearen eta bertako irakasleen laguntza
izan du, eta baita Euskal Telebista, Goiena Telebista eta Goierri
Telebistarena ere, EHUko irakasleena eta beste zenbait profesionalena.
Helburuak
Formazio egitasmo honek hainbat helburu ditu:
- Kitxua indartu eta garatzea, telebista kanal berrien bidez.
- Kitxua komunitateak tarte bat izatea Ekuadorko hedabideetan, bere kultura, hizkuntza eta nortasuna garatzeko.
- Herri indigenen benetako irudi eta aldarrikapenen berri ematea.
- Partaidetza soziala bultzatzea.
- Kulturen arteko espazioak zabaltzea telebistan, eta berau Ekuadorko kultura aniztasunaren isla bihurtzea.
Egitaraua
Otsailaren 2tik 13ra bitartean, Ekuadorko espedizioak egitarau estua izango du. Formazio saioak Huhezinizango dira batez ere, eta bisitak Euskal Herrian barrena, lekuan lekuko esperientziak ezagutzeko.
Garabide elkartea iaz hasi zen proiektu honetan lanean. Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza du, eta elkarlanean ari da Consejo de Desarrollo de las Nacionalidades y Pueblos de Ecuador erakundearekin, Codenpe, Kawsay erakunde indigenarekin eta MICC, Cotopaxiko nekazari eta indigenen mugimenduarekin.
