Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterreko zenbait enpresak Huhezi bisitatu dute
Otsailaren 17an EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterreko bost lagun izan ziren Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultatean, klusterreko lau enpresaren izenean. Bisitariak etorri ziren hitz egitera Ikus-entzunezko Komunikazioa karrerako arduradunekin, eta berauekin informazioa trukatzeko asmoarekin.
Ondoko ordezkari hauek agertu ziren Eskoriatzan astearte arratsaldean:
- Idurre Cajaraville (Baleuko)
- Itziar Azpeitia (EITB)
- Igor Olaizola (Vicomtech)
- Nora Busturia eta Itziar Mena (EIKEN)
Bai unibertsitateko arduradunek eta baita klusterrekoek interesa zuten diagnostiko bateratu bat egiteko, orain hiru urte elkarrekin egindakoa eguneratuz, eta jakiteko Huhezik zer proposamen aurkeztuko duen Madrilen Ikus-entzunezko Komunikaziorako.
Horrezaz gain, informazioa trukatu zuten beste hainbat gairen inguruan: Komunikaldiak, Huheziko zinema saioak eta Huhezinema film laburren jaialdia. Bisitariek aukera izan zuten, gainera, ikusteko Huheziko ikasleek egindako zenbait lan ikus-entzunezko.
Bisita arratsaldean luzatu zen, eta, etxera egin aurretik, EIKENeko kideek hainbat proposamen egin zituzten, Huheziko irakasleek gogo onez hartu zituztenak. Aurrera begira, alde biek espero dute horrelako harremanek segida izatea, ikasketen onerako eta ikasleei enpresarekin lotura zuzena eskaintze aldera.
