Albisteak

Elkarlan-hitzarmena sinatu dute Etxauzia Elkarteak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak

2017/11/18

Atzo, azaroak 17, sinatu zuten Etxauzia proiektuak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateka elkarlanerako hitzarmena. Eskoriatzako campusean egindako sinadura ekitaldian, parte hartu zuten Begoña Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eta Filipe Bidart Etxauzia Elkartearen ordezkariak. 

Sinatutako hitzarmenak jasotzen du bi erakundeen arteko elkarlana iraunkortzeko asmoa. Elkarlan horrek aukera emango du Ipar Euskal Herrian Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen lana ezagutarazteko eta hango eragileekin zubiak eraikitzeko. Aldi berean, Etxauzia Elkarteak Mondragon Unibertsitateko fakultateko ikasleei Ipar Euskal Herri barnealdean abian diren esperientziak ezagutaraziko dizkie, eta haiek gertutik ezagutzeko aukera eman.

Ekitaldian, gainera, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak berretsi du 13.000€ inguruko ekarpena egingo diola Etxauzia proiektuari bi ikasturtean banatuta.

Urteroko ekarpena Euskal Herriko proiektuei

Mondragon Unibertsitateko fakultateak babestuko du Etxauzia proiektua IPDKren bitartez, alegia, heziketa eta kooperatiba sustapenerako eta interes publikoa duten beste helburu batzuentzako kontribuzioa erabilita. Bi urtetan banatuko du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Etxauziari emango dion diru-laguntza. Iazko ikasturtean, 6.890,66 euro eman zizkion; aurtengo kopurua zehaztu barik dago, baina, ondo bidean, antzeko kopuru bat izatea espero da (erabakia dago 2018 otsaileko Batzar Orokorraren baieztapenaren zain).

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bere urteroko egitasmoetan jasotzen du eragile eta proiektu desberdinei laguntza ematea. Orain artean, beste batzuren artean, honako proiektuak lagundu izan ditu diruz Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak: Tuterako Argia ikastola, Bagara eta Debagoiena 2030.

Begoña Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoaren hitzetan, “Guretzat garrantzitsua da, bizi garen errealitatearen parte garen heinean, errealitate horretan eragitea. Gure ekarpena, batez ere, ezagutzan eta ezagutzaren bidezko eraldaketan oinarritzen dugu; baina, bat egiten dugu Euskal Herrian abian jarri nahi diren Etxauzia bezalako proiektuekin. Gure iritziz, ezinbestekoa da elkarlanean aritzea balio eta asmo antzekoak ditugunok”.

Kooperatibagintzaren eredua eta nazio ikuspegia

Hitzarmenaren sinaduran parte hartu duten bi ordezkariak bat etorri dira bi proiektuek komunean dituzten ezaugarriak azpimarratzerako orduan: “Gure fakultatearen lanerako eredua elkarlanean eta kooperatibagintzaren balioetan oinarritzen da. Horri gehituta Euskal Herri osoa kontuan hartzen duen egitasmoa dela, Batzar Orokorrak erabaki zuen Etxauzia egitasmoa diruz laguntzea”, adierazi du Begoña Pedrosa fakultateko dekanoak.

“Etxauzia herritarrek sustatutako proiektua da, Ipar Euskal Herria barnealdeko kooperatiba eta eragile ugarirekin batera. Baigorri eskualdetik abiatzen bada ere, Euskal Herri osoa hartzen du kontuan, bai herritar, eragile, erakunde eta, oro har, proiektu honetan parte hartu nahi duten guziak”, azpimarratu du Filipe Bidart Etxauziaren ordezkariak.

Etxauzia: diru bilketa kanpaina proiektu zabal eta bizi batentzat

Baigorri inguruko herritarrek, enpresek eta erakundeek abian jarri dute Etxauzia erosteko kanpaina. Ia mila urte dituen gaztelu horrek historia luzea gordetzen du bere barnean. Orain, denon artean idatzi nahi dute historia horren hurrengo orrialdea. Zehazki, Ipar Euskal Herriaren barnealdea biziarazteko ekonomia, kultura eta hizkuntzan oinarritutako proiektua egiteko. Horrekin batera, diaspora eta historia ere landuko dituen egitasmoa da Etxauziarena. 2017ko irailerako 400.000 € hitz emanak izan dira jada, nahiz eta oraindik helburua lortzeko bidea geratzen den. 

Elkarlan-hitzarmena sinatu dute Etxauzia Elkarteak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak

Ezkerretik eskubira: Igor Ortega (fakultateko lehendakari ordea), Kattalin Sainte-Marie (Etxauzia), Begoña Pedrosa (fakultateko dekanoa), Filipe Bidart (Etxauzia) eta Betti Bidart (Etxauzia).