EJTA elkarte europarrak HUHEZI onartu du bere baitan

2007/06/18

Ekainaren 16an EJTA elkarteak, European Journalism Training Association —Europako Kazetaritza Fakultate eta Eskolen Elkartea—, aho batez onartu zuen Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatea kide moduan, Parisen egindako urteroko bilkuran. HUHEZIko bi ordezkari izan ziren Parisen EJTAren bilkuran: Txema Egaña HUHEZIko Nazioarteko Harremanen arduraduna, eta Aitor Zuberogoitia, Ikus-entzunezko Komunikazioa karrerako zuzendaria.
 Osoko bilkurak aho batez onartu zuen HUHEZI, Txema Egañak bilkurari egindako aurkezpena entzun eta gero. HUHEZIko kideek aprobetxatu dute bidaia harremanak egin, HUHEZIren nazioarteko ikastaroak aurkeztu eta hainbat akordio lantzeko Europako beste kazetaritza fakultateekin.

EJTA

European Journalism Training Association elkartea, EJTA, 1990ean sortu zen Bruselan, Europako kazetaritza fakultateak elkarlanean jartzeko eta horien europar dimentsioa zabaltzeko helburuarekin. Elkarteak bere partaideen interesak defendatu, trukeak koordinatu eta eskolen arteko elkarlana eratzen du. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek Europako 20 herrialdetako 50 unibertsitatetik gora biltzen ditu.
Maiatzaren 9an EJTAk Amelia Guardiola bidali zuen HUHEZIra, El País Kazetaritza Eskolako kidea eta EJTA erakundeko ordezkaria. Fakultatea bisitatu eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketen gaineko informazioa jaso ondoren, Amelia Guardiolak txosten bat bidali zuen Holandara, gaur egun hantxe baitago EJTAren egoitza, HUHEZI elkarte europarrean onartzearen aldekoa.