Diploma banaketa Euskal Kulturaren Transmisioan aditu tituluan
Urriaren azken egunean ekitaldi berezia egin zen Huhezin, diplomak banatzeko Euskal Kulturaren Transmisioa aditu titulua egindako ikasleei. Eta berezia izan zen, besteak beste, eraikin nagusiko kapera erabili baitzen lehen aldiz horrelako ekitaldi batean, uda ezkero erabat berritu baita fakultatearen areto nagusi izan dadin. Kanpoan euria goian behean ari zuen, baina areto berrituan gozo-gozo egoten zen.
Ekitaldi akademikoa
Jesus Garmendiak egin zituen sarrera hitzak, eta gogorarazi zien denei zelan hasi zen aditu titulua, eta nortzuek bultzatu duten bereziki. Ondoren, ikasle izandako batek hartu zuen hitza, Onintza Enbeitak, eta, handik aurrera, berak zuzendu zuen ekitaldia. Bideo bat ere erakutsi zen, lau bat minutukoa, eta bertan agertu ziren ikastaroan hitz egindako guztiak. Hitzaldi nagusia Joseba Intxaustik eman zuen. Etxeberri proiektua aurkeztu zuen, Euskaltzaindiak abiatu duen azken proiektu handia, lan horren bidez, Euskararen Historia Soziala egin nahi du-eta, lan handia, urteetan egingo dena. Josebak azaldu zuen, besteak beste, proiektuaren jatorria, dituen helburuak eta gaur egun zertan dagoen. Diploma banaketa bera une polita izan zen, jendeak pozik jaso baitzituen ziurtagiriak, egindako lan handiaren froga.
Ikuskizuna
Eta ondoren, sortzaileen unea etorri zen. Ikasleen partetik, Unai Azkaratek eta Ainhoa Ansak abesti bana eskani zuten, gitarraren laguntzarekin. Iñaki Lasak, berriz, errege kokoloaren ipuina kontatu zuen. Fredy Paiak eta Igor Elortzak ere, bertsotan gogoratu zuten ikastaroa. Irakasleek, ostera, ikastaroaren ereserkia abestu zuten, Iñaki Urruzolak egindako musikarekin eta Jon Sarasuaren letran oinarritua. Bukaera ederra izan zen, ekitaldi gozo hartan. Onintzak esan zuen bezala, “(euskal kulturaren) transmisoreen lehen belaunaldia kalean da dagoeneko”.
Ekitaldiko argazkiak Flckr-en ikus daitezke.
