Carl Ratner irakasle estatubatuarrak Emozioak eta Hezkuntza izan zituen hizpide

2010/05/18

Maiatzaren 17ko arratsaldean Carl Ratner irakasle estatubatuarra HUHEZIn izan zen. Lehenik eta behin, bilera egin zuen Hezkuntza zuzendaritzako eta ikasleen ordezkariekin, asmoa du-eta gure hezkuntza proiektua sakonago ezagutzeko. Ondoren, hitzaldia eman zuen Emozioak eta Hezkuntza oinarri hartuta. Fakultateko irakasleek arreta handiz entzun zuten Ratner doktoreak zelan azaltzen zituen emozioek sisteman duten eragina, eta, alderantziz, sistemak zelako eragina duen emozioetan.

Irakasle estatubatuarraren bisitak bi helburu ditu nagusi: alde batetik, berak gu ezagutzea, Mondragon Kooperatibak ezagutzea, eta bereziki goi mailako hezkuntza arloko kooperatibetan egiten den lanaren berri izatea; eta beste alde batetik, bere lanaren eta ikerketaren zertzelada batzuk azaltzea eta zabaltzea gure artean.

Carl Ratner doktorea Psikologiako irakaslea izan da Humboldt State Unibertsitatean, Kalifornian. Bere doktore tesia ere Psikologia Sozialean oinarritu zuen. Gaur egun, berak zuzentzen du Kaliforniako Institute for Cultural Research & Education erakundea, eta bere lanaren ardatza psikologia sozialean eta kulturalean kokatzen da. Alo horretan lau liburu argitaratu ditu.

Hala ere, kooperatibak ere aztergai ditu Carl Ratner irakasleak. 2007an artikulu bat idatzi zuen, "The Cooperative Manifesto", eta bertan aztertu zituen kooperatiba mugimenduak zelako ekarpenak egin dizkion hezkuntzari. Gaur egun, berriz, liburu bat prestatzen ari da kooperatiben inguruan