Bi doktore tesi defendatu dira fakultatean, eta biek bikain cum laude kalifikazioa jaso dute
Uztailaren 5ean bi doktore tesi aurkeztu dira Mondragon Unibertsiatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan. Txema Egañak gai hau landu du: “Nola bilatzen, ebaluatzen eta aukeratzen dute informazioa unibertsitate-ikasleek?”. Joxpi Irastorzak, aldiz, beste hau: "Lan munduko euskara planetako langile euskaldunen jarrera, portaera eta motibazioak: pentsamendua garatzetik helburuak lortzera". Biek ala biek bikain cum laude kalifikazioa jaso dute.
Txema Egaña
Txema Egañak tesi hau aurkeztu du: “Nola bilatzen, ebaluatzen eta aukeratzen dute informazioa unibertsitate-ikasleek?”. Tesiaren helburua da aztertzea unibertsitate-ikasleek zelan identifikatzen dituzten informazio beharrak eta ikertzea zer kontzeptzio, uste eta estrategia erabiltzen dituzten informazioa bilatzeko, ebaluatzeko eta erabiltzeko. Horretarako, 2007-2008 ikasturtean, egileak ikerketa bat egin zuen HUHEZIko ikasle eta irakasleen artean, eta berau aztertzeko metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa erabili zituen, biak. Ikerketa hau lagungarria izango da informazio konpetentzien garapen curricularra diseinatzerakoan, erabaki egoki eta eraginkorrak planifikatzeko eta prozesuan egon daitezkeen oztopoak identifikatzeko. Aitor Zuberogoitia eta Pili Sagaste doktoreak izan dira proiektuko zuzendariak.
Epaimahaia, berriz, honako doktore hauek osatu dute: Jaione Apalategi (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) epaimahaiburu, Teresa Agirreazaldegi (EHU), Pello Jauregi (MU), Carlos Castaño (EHU) eta Iñaki Larrea (MU). Epaimahaikideek oso interesgarritzat jo dute Txema Egañaren doktore tesia, eta bikain cum laude kalifikazioa eman diote.

Joxpi Irastorza
Joxpi Irastorzak, berriz, aurkeztu du: "Lan munduko euskara planetako langile euskaldunen jarrera, portaera eta motibazioak: pentsamendua garatzetik helburuak lortzera". Tesi honetan aztertu da pentsamenduaren edo kognizioaren garapenak zer garrantzi duen eremu sozio-ekonomikoan, euskara planen baitan parte hartzen duten langile euskaldunek jarrera onetik portaerara jauzi egiteko, euskara gehiago erabiltze aldera. Horretarako, zenbait proba egin dira, eta ondorioztatu da jarreratik portaerara jauzi egiteko ez dela nahikoa euskararen aldeko intentzio ona izatea, ezta konpromiso sendoa izatea ere. Aitzitik, ezinbestekoa da gehiago jakitea hizkuntzaren egoera soziolinguistikoaz, berorren gainean hausnarketa egitea. Tesi zuzendariak Nekane Arratibel eta Iñaki Garcia izan dira.
Epaimahaia, ostera, honako doktore hauek osatu dute: Mª Jose Azurmendi (EHU) epaimahaiburu, Estibaliz Amorrortu (Deustuko Unibertsitatea), Pablo Sotes (NUP) eta Nekane Goikoetxea (MU). Kasu honetan ere, epaimahaikideek oso jakingarritzat jo dute Joxpi Irastorzaren tesia, eta bikain cum laude kalifikazioa eman diote.

