Iñigo Arteatx eta Elena Lopez de Arana, bikain cum laude
Iñigo Arteatx
Abenduaren 13an, asteartea, Iñigo Arteatx Mondragon Unibertsitateko irakasleak bere doktore tesiaren defentsa egin zuen Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Tesiaren izenburua: "Euskarazko egitura jokatugabeak: -t(z)en morfemadun perpaus osagarrien azterketa sintaktikoa". Honako kideek osatu zuten epaimahaia: mahaiburua, Patxi Goenaga (EHU); idazkaria, Arantzazu Elordieta (EHU); Rikardo Etxepare (Baionako Unibertsitatea); Bill Haddican (New Yorkeko Unibertsitatea); Jon Ortiz de Urbina (Deustuko Unibertsitatea). Bukaeran, bikain cum laude eman zioten Iñigori.
Tesiak -t(z)en morfema hartzen duten euskarazko menpeko perpaus jokatugabeak aztertzen ditu, Gramatika Sortzailearen ikuspegitik, eta zehazkiago, azken bi hamarkadetan nagusitu den Ikuspegi Minimalistaren bidetik. Euskararen kasuan, -t(z)en morfema hori da aipatutako egiturei batasuna ematen dien ezaugarria; baina beste hizkuntza batzuetara jotzen badugu, euskarazkoengandik oso ezaugarri ezberdinak dituzten egiturak aurkitzen ditugu, tesian bertan azaltzen den moduan. Beste hizkuntza horietarako azken urteotan egin izan diren proposamenak eta euskararentzat egin izan direnak euskararen ezaugarri morfosintaktikoekin alderatzen dira lanean zehar, eta azterbide berriak proposatzen dira gure hizkuntzak eskaintzen dituen datuen argitara.
Elena Lopez de Arana
Abenduaren 16an, berriz, Elena Lopez de Arana Mondragon Unibertsitateko irakasleak egin zuen bere doktore tesiaren defentsa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan. Gaia: "Umeek familia eta haur eskola testuinguruetan erakuts ditzaketen kortisol patroien arteko ezberdintasunen azterketa". Tesiaren zuzendariak: Alexander Barandiaran eta Iñaki Larrea (MU). Epaimahaia: lehendakaria, Fernando Olabarrieta (EHU); idazkaria, Jose Ramon Vitoria (MU); Luis Mari Elizalde (EHU); Pilar Gil Molina (EHU) eta Alexander Muela (MU). Amaieran, epaimahaiak bikain cum laude eman zion.
Haur eskolan egun osoa egoteak umeen kortisol patroia alderanztea ekar dezake. Hau da, egunean barrena, goizetik arratsaldera bitartean, kortisola familia testuinguruan jaisten doan bitartean, haur eskola testuinguruan mantendu egin daiteke. Horren aurrean, doktorego-tesi honek aztertu nahi izan du ea gelako ume taldearen tamainak, hezitzaileen erantzunen sentikortasunak, umeen tenperamentuak, umeen gurasoekiko segurtasunak eta gurasoen erantzunen sentikortasunak eragina ote duten umeen kortisol patroiak aldatzeko orduan. Egindako analisietatik ondoriozta daiteke: umeen kortisol patroia alderanzten dela haur eskolan egun osoa ematean; tenperamentu zaila duten umeek kortisol patroi basalaren galera pairatzeko arriskua dutela haur eskola testuinguruan; umeen tenperamentua zaila denean, hezitzaileen sentikortasun altua aldagai babeslea dela baina hezitzaileen sentikortasun baxua arrisku aldagaia dela; eta azkenik, segurtasun altua erakutsi duten umeek eta sentikortasun altuko gurasoak izan dituzten umeek familia testuinguruan duten goiz erdiko kortisol gailurra ez dutela galtzen haur eskolan.

