Indarrean jarri da Landuizu zerbitzua, ikasleak euskaraz trebatzeko

2010/01/25

Bigarren urtez jarraian HUHEZIk indarrean jarri du Landuizu laguntza-zerbitzua, euskaraz makal dabiltzan ikasleak trebatze aldera. Iaz 40 ikaslek hartu zuten parte Landuizu programan. Horietatik, 26 neska eta 14 mutil izan ziren; 27 irakasle-ikasketetakoak eta 13 Ikus-entzunezko Komunikaziokoak. Gehienek irakasleen gomendioz eman zuten izena, baina beren kabuz bertaratuak ere izan ziren.

Landuizu egitasmoan parte hartzen duten ikasleen artean askotariko profilak daude: badira ingurune erdaldunean bizi direnak eta zailtasunak dituztenak euskaraz zuzen jarduteko -idatziz eta/edo ahoz-; beste batzuk ingurune euskaldunetan bizi dira, baina euskararekiko kontaktua ahozkoa da gehienbat eta lagun arteko erregistroan; eta badira ingurune euskaldunetan bizi arren, zailtasunak dituztenak euskaraz jarduteko, gaztelaniaz aritzeko joera dutelako.

Prozedura

Lehendabizi identifikatu egiten dira zer ikaslek dituzten arazoak euskararekin, hitz egiten da ikasleekin (zenbaitetan eurek eskatzen baitute plan horretan sartzea), plangintza bat egiten da ikasturterako, eta horren jarraipena. Landuizun parte hartzea erabat borondatezkoa da.

Behin ikasleak erabakitzen duenean parte hartzea Landuizu egitasmoan, aztertu egiten da zein den haren hizkuntza egoera. Horretarako, tutoreek idatzizko zein ahozko mailaketa egiten dute, eta elkarrizketa labur bat. Ikusiz gero beharrezkoa dela, plangintza bat proposatzen dute ikaslearen euskara maila hobetzeko.

Landuizu egitasmoak konpromisoa eskatzen dio ikasleari, beronek bete dezan tutorearekin adostutako plangintza. Hamabostean behin, bestalde, idatzizko jarraipena egiten da, ikasle bakoitza egiten ari denaz, eta bi hilerik behin, bilera tutorearekin. Landuizuk iraun lezake norberak nahi duen arte. Edozein unetan utz daiteke, borondatez edo tutorearekin adostuta.

Iñigo Arteatx edo Idurre Alonso irakasleek daramate Landuizu programaren ardura. Aurten, otsailaren 1ean egingo dute lehen bilera ikasleekin.