Mondragon Unibertsitateak Twitter-en sekretuak erakutsi dizkio Euskaltel-Euskadi txirrindulari-taldeari.
Lance Amstrong eta Alberto Contador txirrindularien arteko borrokak, kirolaren mugak gainditu zituen aurtengo udan. Bi txirrindularien arteko gerra psikologikoa pil-pilean egon zen komunikabideetan, Twitter gizarte-sarea protagonista zela, izan ere, Amstrong-ek etaparen ostean deklarazio batzuk egiteko aukeratu zuen. Ez zen, ordea, lehen aldia. Zazpi Tourren irabazleak lehendik ere behin baino gehiagotan erabili zuen: aita egin zela iragartzeko, lapurtu zioten bizikleta berreskuratzeko…
Gizarte-sareek kirolean garrantzi handia dutela jakinik, eta horren potentzialtasunak aprobetxatzeko asmoz, Mondragon Unibertsitateak Twitter gizarte-sareari buruzko entrenamendu pertsonalizatua egin du, kontzentrazio-aldian, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldearentzat. Txirrindularitzako esparruan ekimen berritzailea da, eta lehen etapa batean, taldeak informazio praktikoa jaso du gizarte-sare horren funtzionamenduari buruz. Esan beharra dago Espainian zazpi milioi erabiltzaile baino gehiago dituela. Prestakuntza horren ondotik beste batzuk etorriko dira: teknologia berriak, gizarte-sareak, web 2.0…, kirol-kontzentrazioetan txirrindulariek gero eta gehiago erabiltzen dituztela kontuan hartuta.
