Enpresaren emaitzak hobetu nahi dituzten profesionalentzako Eragiketen Zuzendaritzako Masterra jarriko du abian Mondragon Unibertsitateak

2011/12/12
Eragiketen Zuzendaritzako Executive Masterra (MDO) otsailean abiatuko da eta, bere metodologia dela eta, aitzindaria da Estatuan. Eragiketa-, produkzio-, kalitate-, mantentze- eta logistika-zuzendariak, industria-kudeaketaren arduradunak eta ildo bereko zuzendaritza-postuak betetzen dituen edonor ditu xede.
Enpresaren emaitzak hobetu nahi dituzten profesionalentzako Eragiketen Zuzendaritzako Masterra jarriko du abian Mondragon Unibertsitateak

Eragiketen Zuzendaritzako Executive Masterra

Eragiketen Zuzendaritzako Executive Master(MDO) hau Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikokoak antolatu du, Bilboko Merkataritza Ganberarekin eta Asenta Management Consultants-ekin elkarlanean. Master hau aintzindaria da Estatuan bere metodologiarengatik eta datorren otsailean hasiko da. Hau eragiketen kudeaketan esperientzia duten exekutiboei dago zuzendua.

Baliabideak xahutu gabe prozesuak kudeatzeko gaitasuna izatea, bezeroaren gogobetetasuna handitzea eta enpresaren epe labur, ertain eta luzeko lehiakortasuna hobetzea da giltza. Gaian adituak direnen arabera, eragiketa-bikaintasunaren xedea enpresako jarduerak era egokian betetzea da, prozesuak eta adierazleak hobetzeko eta, ondorioz, enpresaren ekonomia- eta finantza-balantzeetan emaitza hobeak lortzeko.

Pertsonarengan aldaketa bat sorrarazteko helburua du, haren jarduera aldatzeko ikuspegi integrala emanez. Horrela, erakundeak ere aldatu eta enpresa-emaitzak lortzera bideratu nahi dira. Horretarako erabiliko den metodologia, funtsean, praktikoa izango da. Hala, 4 talde-lan eta masterraren bukaerako banakako proiektu bat burutuko dira. Horiei esker, profesionalak, prestakuntza bereganatzeaz gain, enpresan egindako ezarpen errealen bidez ikasi ahalko dute, beren erakundeen prozesuak hobetzeko.

Masterrak lehia-inguru berrietako industria-kudeaketaren ikuspegi integrala eskainiko die parte-hartzaileei, eta erreferentziazko metodologia eta tresna berritzaileetan trebatuko ditu. Baina, batez ere, enpresaren behar estrategikoetara egokitutako industria-kudeaketako eredua diseinatzeko gaitasunak garatzea du helburu, enpresak eraldatu eta emaitzak lortzera bideratzeko.