Albisteak

GOI ESKOLA POLITEKNIKOKO MATERIALEN LABORATEGIAK AENAC ZIURTAGIRIA JASO DU

2017/09/06

ENAC-Egiaztatze Erakunde Nazionalak ziurtagiria eman dio Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Mekanika eta Industria Produkzioko Materialen Laborategiari, sektore industrialean saiakuntza metalografikoak egiteko UNE-EN ISO 17025 arauaren arabera. Zehazki, Materialen Laborategiak lortu duen egiaztagiria saiakuntza hauek egitera zuzenduta dago: garauaren neurria zehaztea, faseen portzentajea zehaztea, irudiaren analisi automatikoaren bitartez, eta material metalikoen gainazalen akatsak neurtzea.

Oro har, azterketa metalografiko batetik abiatuta, eta mikroskopio optiko bat erabiliz, analizatutako produktuaren diagnostiko edo pronostiko bat lortu dezakegu. Azterketa metalografikoa pieza xede batera bideratu baino lehen egin daiteke, funtzionatzen hasten denean ager daitezkeen arazoak prebenitzeko, edo, bestela, zerbitzua huts egin duten piezekin egin daiteke, hau da, deformatu, hautsi edo gastatu diren piezekin. Kasu horretan, azterketaren xedea da anormaltasuna eragin zuen kausa zehaztea.

ENACek saiakuntza metalografikoak egiteko emandako ziurtagiriak Materialen Laborategiak aipatu saiakuntzak egiteko duen ahalmen teknikoa aitortzen du, eta Administrazio Publikoari eta oro har merkatuari bermea eskaintzen die eskaintzen ditugun zerbitzuen egokitasunaren eta fidagarritasunaren gainean.

Azterketa metalografikoa egiten mikroskopio optikoa erabiliz

Azterketa metalografikoa egiten mikroskopio optikoa erabiliz