Albisteak

Unibertsitate arteko Euskarazko II. Eztabaida Txapelketa irabazi dute Mondragon Unibertsitateko ikasleek.

2012/05/04

Eztabaidarako gaia gaur egun pil-pilean dagoen komertzioen ordutegi askatasunaren ingurukoa izan zen: "Ordutegi askatasuna positiboa da euskal denda sarearentzat?”. Talde bakoitzak 15 egun izan zituzten eztabaidaren aurretik dokumentazioa biltzeko, eta talde bakoitzak aldeko zein kontrako jarrerak defendatu behar izan zituen beste taldeen aurka, eta epaimahaiaren aurrean. Eztabaiden ordena eta aldeko eta batak bestearen aurka hartuko zituen jarrerak zozketa bidez erabaki ziren lehiaketaren hasieran.

Lehiaketaren emaitzak jakitera eman zirenean, berdinketa hirukoitza gertatu zela adierazi zuen epaimahaiak, talde bakoitzak eztabaida bat irabazi baitzuen, eta sariak eztabaidetan lortutako puntuazioen arabera banatuko zirela jakitera eman zuten. Iragarpen guztien aurka, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako ikasleak atera ziren garaile, EHUko eta Deustuko Zuzenbideko ikasleen aurretik, hurrenez hurren. Talde irabazlearentzako saria 1.000 banatu zen, bigarren sailkatuarentzat 500 eurokoa eta hirugarrenarentzat 250 eurokoa. Era berean, Mondragon Unibertsitateko taldeko Jon Iraolak hizlaririk onenaren saria ere jaso zuen.

Irabazleen esanetan, esperientzia positiboa izan zen: “Hasieran urduri samar egon ginen arren eta teknika aldetik hobetzeko asko badaukagu ere, esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Batez ere guretzat ikasketa desberdindun pertsonen arteko topaketa bat izan delako, guztiz berria eta gure komunikazio gaitasunak neurtu eta horien inguruan hausnartzeko ezin hobea. Hori bai, sorpresa handia hartu genuen lehenengo saria irabazi genuela esan zigutenean. Ez genuen espero. Hiru egun lehenago osatu genuen taldea eta bezperako gauean prestatu behar izan genuen guztia. Eztabaida egunean bertan Bilbora bidean eztabaidetako irtenbentzioak prestatzen joan ginen oraindik, 5 ordu lo eginda. Inprobisazio apur bat ere egin behar izan genuen, baina nahiko ondo atera zitzaigun. Errepikatzeko moduko esperientzia”.

Unibertsitate arteko Euskarazko II. Eztabaida Txapelketa irabazi dute Mondragon Unibertsitateko ikasleek.

Euskarazko II Eztabaida Txapelketa