Atalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasiera Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas18
Muniversitas18

Editoriala

MUNDURA BEGIRA

Ekainaren 17ko Goiena astekarian Fermin Garmendia LKSko zuzendari nagusiari irakurritakoa erabiliko dut editoriala abiatzeko. Garmendiak dioenez, gazteek bidaiatu eta lan egin beharko dute munduan barrena. Mundua aldatzen ari da, merkatuaren erdigunea ez dago Europan, eta hemengoa indartzeko kanpora joan behar dugu: Asiara, Ameriketara… eta, etorkizunean, baita Afrikara ere. Horiexek guztiak aipatu zituen LKSko zuzendari nagusiak aipatutako hedabidean. Arlo akademikoa ere merkatu berrira egokitzen ari da, gaur gaurko gazteek Erasmus edo beste era bateko programak erabiliz, mundua ezagutzeko aukera dute, eta, beraz, errealitate berriaren gaineko ezagutza handitzeko aukera dute. Arlo akademikoaren nazioartekotzea egoki bideratzea da etorkizuneko giltzetako bat, eta, alor horretan, MUk lan asko egin du aspaldion.

Master akademikoak nazioartera hedatu behar dira, horrela dio Jon Altuna Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile akademikoak. Mondragon Unibertsitatea ondo kokatuta dago Euskal Herrian, baina kanpora begira jarri da azken urteotan, eta erronka nagusia nazioarteko merkatua izango da. Aliantzak sinatuko ditu MUk beste unibertsitate batzuekin, diploma bikoitzak eskaintzeko, gaur egun Kolonbian eta Frantzian eskaintzen dituztenen antzekoak. Era berean, aliantza horietan sakondu nahi du gure unibertsitateak, elkarlanean master bateratuak eskaini, eta horrela merkatu berriari erantzun egokia eman. Hau guztia ondo bideratzea, ordea, ez da lan erraza. Pertsona askoren inplikazioa eta politika zehatz eta argien aplikazioa ezinbestekoa da. Horren haritik, argi dago Mondragon Unibertsitatea ondo kokatuta dagoela, baina hobeto koka daiteke.

Inguruko erakundeak ere oso inportanteak izan daitezke bide horretan, zer esanik ez MONDRAGON korporazioa eta honek munduan barrena dituen ordezkaritza eta egoitza guztiak. Sare honi probetxua ateratzeko bideetan sakondu behar da, eta munduan MUren presentzia areagotzeko aprobetxatu. Era berean, on line eskaintzan sakontzea ezinbestekoa izango da. Formatu horretan sortuko den eskaintzak mundua izango du merkatu.