arautegi akademikoa
Ondoren jasotzen den Arautegi Akademikoak bertan dauden alderdirik garrantzitsuenak azpimarratzen ditu. Arautegi horren kopia osoa ikasleek eskura dute Ikastetxeko Idazkaritzan.
Ikasketa-plan berriak
Kreditu-sistema
Ikasketa-erreforman datorren "kreditu" hitza balio-unitate berria da eta bere inguruan egituratzen da ikasketa-plana. Irakasgai bakoitzak kreditutan dauka bere balorazioa. Kreditu bat 10 eskola-ordu adina da. Ikasleak kredituak eskuratzeko modua, ezagutzak baloratu eta neurtzerakoan, unibertsitateak ezarri duen sistemaren arabera izango da.
Gaiak eta Irakasgaiak
Gaiek eta irakasgaiek osatzen dituzte ikasketa-plan berriak. Gaiak unitate tematiko zabalak dira, azaletik deskribatuak, ezagutza-esparru berari dagozkionak Gutxitxo zehaztuta daudenez, ikasleek ez dituzte gaiak zuzenean estudiatzen, baizik eta irakasgai landuagotan birmoldatu ondoren. Irakasgaiek programa xehatua izaten dute.
Irakasgai guztiak kredituen bidez baloratzen dira. Edozein titulu lortzeko, ikasleak gutxienezko kreditu-kopuru bat eskuratu beharko du, hartara gainditutako irakasgai-multzo batekin bere curriculuma osatuz.
Ikasketa-planetan dauden gaiak era honetan sailkatzen dira:
- Enbor-gaiak: Titulu bat estatu mailan homolagatua izan dadin, unibertsitate guztietako ikasketa-planetan derrigorrez egon beharreko gaiak dira. Hartarako, Hezkuntza eta Kultura Ministeritzak kreditu-kopurua nahiz gai horien oinarrizko edukia finkatzen ditu, titulu bakoitzerako nahitaez bete behar diren arauak zehaztuz.
- Derrigorrezko eta Hautazko Gaiak: Ikasketa-plan bakoitzean Unibertsiateak era librean jartzen dituen gaiak dira. Lehenak nahitaez estudiatu behar ditu ikasleak; bigarrenak, berriz, aukeran ipintzen dituzte Unibertsitateek, ikasleak, bere zaletasun eta/edo interesen arabera, hautatu ahal ditzan.
- Aukera Askeko Gaiak (edo Konfigurazio Askeko Gaiak): Ikasleak, curriculuma era askean osatzeko duen aukeraz baliatuz, berak libreki hautazen dituen gaiak dira.
Ingeniaritza informatikoaren 2. Ziklorako sarbidea
Titulazio honen bigarren zikloan honako hauek sar daitezke: karrera bereko lehen zikloa burututako ikasleak, eta jarraian aipatzen diren titulazioen lehen zikloa eskuratu dutenak, prestakuntza-osagarriak, kasuen arabera, gaindituta ala gainditu gabe izanik. Hauek ondoren datozen E.A.O.etan adierazten dira:
- Ingeniari Teknikoa Kudeaketa-informatikan
91/09/11ko Ministro-agindua, 91/09/26ko EAOean argitaratua
91/10/08ko Ministro-agindua, 91/10/17ko EAOean argitaratua
- Ingeniari Teknikoa Sistema-informatikan
91/09/11ko Ministro-agindua, 91/09/26ko EAOean argitaratua
- Diplomatua Informatikan
91/10/08ko Ministro-agindua, 91/10/17ko EAOean argitaratua
Baliozkotzeak
Ikasleak eskatu nahi duen edozein baliozkotze-motatarako, hala nola:
- Espainiako Zentroetan burutu eta Plan zaharrei dagozkien unibertsitate-ikasketa partzialen Baliozkotzeak.
- Atzerriko Zentroetan burututako unibertsitate-ikasketa partzialen Baliozkotzeak.
- Espainiako Unibertsitate-zentroetan burututako ikasketen Baliozkotze/Egokitzea (Unibertsitatearen Erreformarako Legearen babespean sortutako ikasketa-plan berrientzat).
- Atzerrian egindako goi-mailako ikasketak.
Burutu nahi dituen ikasketei dagozkien dokumentazioa Aurreinskripzio-epe barruan aurkeztu beharko du ikasleak. Zentro bakoitzeko Baliozkotze-batzordeak proposatu ondoren, baliozkotzerako organo akademikoak aztertuko du eskabidea eta Idazkaritzak urriaren 30a baino lehenago jakinaraziko dio interesatuari.
Irakaskuntza eta ikasleen ebaluaketa
Irakaskuntzaren Plangintza
Ikastetxean ematen diren titulu nahiz espezialitateak eskuratzeko premiazkoak diren ikasketen kudeaketa eta irakaskuntzan egon behar duen aukera-berdintasunaz zentroko Zuzendaritza arduratuko da.
Zentro bakoitzeko Zuzendaritzak ikasturte akademiko bakoitzerako eskola-egutegia onartu eta behar adinako aurrerapenaz argitaratuko du.
Ikasturtea eskola teoriko zein praktikoen asteroko egutegiak arautuko du. Egutegi hori eskola-garaia hasi baino lehenago jakinaraziko da.
Ikasturte akademiko bakoitzeko matrikula-epea zabaldu aurretik, zentroak ikaslearen esku jarriko ditu ikastetxean ematen diren irakasgai guztiei buruzko funtsezko argibideak:
- Helburuak, programak eta oinarrizko bibliografia
- Ebaluaketa-sistema
- Metodologia
- Opor-aldiak
- Beste irakaskuntza-jarduera batzuk
Datu hauei interesgarritzat jotzen diren argibide guztiak gehituko zaizkie.
Eskola teoriko nahiz praktikoen ordutegietan berauek emango dituzten irakasleen izenak ere etorriko dira.
Lau hilabeteko Egitura eta Deialdiak:
Edozein irakasgairen matrikula gauzatuta ere, ikasleak berorren baliogabetzea eska dezake, Zentroko Idazkariari zuzendutako instantzia bat aurkeztuz, baldin eta berau ikasturte berriko azaroaren 30a baino lehenago egiten bada.
Matrikula ofizioz baliogabetuko da, berau gauzatzeko eskatzen diren baldintzetarikoren bat betetzen ez denean edota ekarri beharreko dokumentazioan datu faltsuak azaltzen direnean.
Baliogabetutako matrikularengatik ordaindutakoa ez zaio inoiz bueltatzen ikasleari.
Irakasgai batean matrikulatu den ikasleak bi deialditarako eskubidea dauka ikasturte bakoitzeko: erabiltzen duen lehenengoa "ohikoa" izango da eta "ezohikoa" bigarrena. Hartara, otsail, ekain, uztail eta irailean diren deialdietatik bi agor ditzake ikasleak, zentroan ezarritako arauei jarraituz.
Ikaslea deialdiren batera aurkezten ez bada, erabili gabeko aukera hori deialdi-kopuruaren zenbaketan sartuko da; ez, ordea, deialdiari uko eginez, berau baliogabetzen denean, baldin eta egoera horretarako aurreikusten diren arrazoiak betezen badira.
Ikasturteak errepikatu eta gainditzeko gutxieneko baldintzak
Ikasturte batean lehenengo aldiz matrikulatzen diren ikasleek ikasmaila hori osatzeko behar diren kreditu guztiak hartu beharko dituzte; beste ikasketa batzuk baliozkotu ez bazaizkie behintzat.
- Lehenengo Ikasturtea. Lehendabiziko matrikula
Lehen aldiz matrikulatzen den ikasleak 12 kreditu eskuratu beharko ditu gutxienez, lehenbizikoz errepikatu ahal izateko.
- Ikasmaila gainditzea
- ikasmailatik 2.era igarotzeko, ikasleak 42 kreditu gainditu beharko ditu gutxienez.
- ikasmailatik 3.era igarotzeko, berriz, 46,5 kreditu gainditu beharko ditu gutxienez.
Lehen ikasmailako kreditu guztiak gainditu gabe, ikaslea ezin da hirugarren ikasmailan matrikulatu. Era berean, bigarren ikasmailako kreditu guztiak gainditu gabe, ez du laugarren ikasmailan matrikulatzerik izango.
Oharra.- Errepikatzeko nahiz ikasmaila batetik bestera igarotzeko, ez dira aukera askeko kredituak zenbatuko.
Bekak eta ikasketa-laguntzak
Beka eta ikasketa laguntzen Deialdi Orokorra uztailean kaleratzen da eta eskabideak egiteko epea uztailaren 11tik urriaren 15erainokoa da.
- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila (E.H.A.A.n argitaratzen da)
- Hezkuntza eta Kultura Ministeritza (E.A.O.ean argitaratzen da)
Eskola-asegurua
Eskola-asegurua 1953ko uztailaren 17ko legearen bidez (abuztuaren 18ko E.A.O.ean agertua) sortu zen, aurreikuspen soziala ziurtatzeko asmoz ikasleen mesedetan; hartara, hauei babesa eman eta ustekabeko nahiz aurreikus daitezkeen ezbeharretan laguntza eskaini ahal izateko.
Derrigorrezkoa da Eskola-asegurua ordaintzea eta matrikula betetzen denean egiten da.
