Surfa eta irristatze kirolen industriarako profesionalak prestatzeko graduondoa
Lander Belokik, Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateko Dekanoak eta Patxi Mutiloak, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariak, gaur goizean Mondragon Unibertsitatearen Bidasoako Kanpusean Surfa eta Irristatze Kiroletan Marketing & Management Ikastaro Aurreratua-ri ofizialki hasiera eman diote. Eremu honetako profesionalak prestatzera zuzenduta dagoen Estatuko lehenengo graduondoko ikastaroa da.
Irun izan da 2009/2010 ikasturte honetan Surfa eta Irristatze Kiroletan Marketing & Management Ikastaro Aurreratua emateko aukeratu den tokia. Graduondoko titulu propio hau, surfa eta irristatze kiroletako industriarako profesionalak prestatzera zuzenduta dagoen lehenengo ikastaroa izango da estatu osoan. Ekimen aitzindari honen helburua, irristatze industria hedatzea eta indartzea da. Eredu gisa Perth-en (Australia), California-n (EEUU), Plymouth-en (UK) eta Burdeos-en (Frantzia) izandako esperientziak jarraitu dira, hauek izan direlako orain arte mota honetako formakuntza ekintzak garatu dituzten bakarrak.
Hegoamerika eta estatu osotik etorritako hogei bat ikaslek, 9 ataletan banatutako 189 prestakuntza ordu beteko dituzte. Ikastaroa irailean hasi eta maiatzean bukatuko da. Surfa eta irristaketa kirolen esparruko profesionalek eta marketing-eko nazioarteko adituak parte hartuko dute eduki teoriko-praktikoak emanez. Lehen mailako kirol ekitaldietara, irristaketarako materiala sortzen duten fabrika eta lantegietara eta produktuen ikerketa eta garapen zentruetara bisitak burutuko dira.
Honetaz gain, Mondragon Unibertsitateak beti bere ezaugarri izan duen unibertsitate-enpresa arteko lotura sendoa eraikitzearen ideia mantenduko du. Ikasleek bukaerako proiektu bat garatzeko aukera izango dute irristatze edo marketing alorreko empresetan, hala nola: Pukas Surfboards, Loreak Mendian edo Forum Sport, SurfilmFestibal bezalako ekitaldietan edo Euskadiko Surf Federazioa eta BAT Basque Team Fundazioa erakundeetan. Hauek guztiak, dagoeneko proiektuarekiko eta elkarlanean aritzeko interesa erakutsi dute.
