MUko Enpresagintza Fakultatea, MIK, ASLE eta Espainiako Lan Sozietateen Enpresa Konfederazioak langileen enpresa-partaidetza sustatuko dute .

2011/11/11
Langileek enpresetan duten partaidetza sustatzea, bai estatu mailan eta baita nazioartean ere, eta langileak partaide dituzten enpresa-ereduak aztertzea lehenetsiko dira ikerketa-jardunean.

Langileek enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota kapitalean duten partaidetza sustatzea eta gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-ikuspuntutik ingurunearen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea dira sozialki arduratsuak diren enpresen ezaugarriak.Horren guztiaren eredu dira Lan Sozietateak.

Ildo horretan, lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur Oñatin Lander Beloki Enpresagintzako dekanoak eta Jose Maria Algora Espainiako Lan Sozietateen Enpresa Konfederazioko (CONFESAL) lehendakariak. Sinatzaileek alboan izan dituzte ASLE Euskadiko Elkarte Laboral Taldearen zuzendari Josetxo Hernandez eta MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) kooperatibaren zuzendari Aitor Urzelai. Indarrak batzea, harremanak estutzea eta lankidetzarako esparrua finkatzea dira hitzarmenaren xedeak, modu horretan enpresa- eta gizarte-eraldaketa bultzatzeko. Asmo horrekin, langileek enpresetan duten partaidetza sustatzeko jarduerak eramango dituzte aurrera, hala nola, ikerketa arloan, enpresa- eta gizarte-garapenean, berrikuntzan eta hedapenean.

Hitzarmenaren ondorioz, “Langileen partaidetza enpresan / Langileak partaide dituzten enpresak” izango da ikerketaren lehentasuna. Ildo horretan, langileen enpresa-partaidetza estatuan eta nazioartean sustatu eta hedatuko dutela hitzartu dute bi aldeek.

Hitzarmena mugagabea da eta urtero berrikus daiteke. Hiru jarduera-ardatz ditu: batetik, sinatzaileentzat eta estatuko zein nazioarteko enpresa- eta gizarte-ehunarentzat interesgarriak diren ikerketa-proiektuak, azterketak, monografiak eta hedapen-artikuluak landuko dituzte batera. Bestetik, bi aldeek enpresen eta erakunde publikoen parte-hartze aktiboa bultzatuko dute, ikastegien, erakunde publikoen eta enpresen arteko harremanaren bidez aipatutako jarduna sustatu eta garatze aldera. Azkenik, hitzarmenaren arabera, langileen partaidetzaren eta ardura sozialaren esparruan lantegiak, mahai-inguruak, mintegiak, jardunaldiak edota biltzarrak antolatuko dituzte bi aldeek batera.

Enpresagintza-MIK

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultateak MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) kooperatibaren bidez lantzen du I+G+b jarduera, eta horrek, lau ikerketa-ildo daramatza aurrera: Enpresa Irekia, Enpresa-ekimena, Nazioartekotzea eta Sozialki Arduratsuak diren Enpresa-ereduak. Azken ikerketa-ildo horren helburuetako bat da, hain zuzen, lankidetza, partaidetza, ardura soziala eta berrikuntza sustatzen duten enpresa arduratsuen ezagutzan sakontzea.

CONFESA-ASLE

CONFESAL konfederazioak autonomia erkidegoetako enpresa-taldeak biltzen ditu, hau da, Lan Sozietateak, langileen jabetzakoak diren enpresa-ereduak edo Gizarte Ekonomiakoak hartzen dituzten elkarteak. Konfederazioaren eginkizuna enpresa horien alde egitea da, enpresok sustatzea, ordezkatzea eta sendotzea. Aurrera daramatzan jardueren bidez, eskaintzen dituen zerbitzuekin eta pertsonen konpromisoa medio, elkarteko kideen eta ordezkatzen dituen enpresen ongizatea lortu nahi du. Gainera, langileen eta Gizarte osoaren bizi-kalitatea hobetzea du helburu. ASLE Euskadiko Elkarte Laboral Taldea CONFESAL konfederazioaren sortzaileetako bat da. ASLEren eginkizuna Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Sozietateen alde egitea da, enpresok sendotzea, sustatzea eta garatzen laguntzea. Ildo horretan, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu konprometitutako pertsonen bidez, Etengabeko Hobekuntza abian jarriz enpresen lehiakortasun iraunkorra lortzeko lan egiten dutenak. Betiere, giza garapenaren eta enpresa garapenaren arteko orekari dagokion garrantzia ematen zaio, hori baita Lan Sozietateen xedea.