Aktualitatea

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko ikasleek negozio-ideien lehiaketa antolatu dute 14 eta 25 urte bitarteko Madrilgo Erkidegoko gazteentzat.

2012/02/08

Zer nahi duzu? Zer gustatzen zaizu? Zein da zure grinarik biziena? Nola mamituko dituzu zure ametsak? Madream 2012. Erakutsi zure jarrera ekintzailea! Aipatutako filosofian oinarrituz, Mondragon Unibertsitateko ikasleek negozio-ideien lehiaketa antolatu dute 14 eta 25 urte bitarteko Madrilgo Erkidegoko gazteentzat. Sari-banaketa hurrengo larunbatean, otsailaren 11n, egingo da Madrilen, HUB Gizarte Berrikuntzako Zentroan.

Gazte horien ekimenak, motibazioa eta erantzukizuna bultzatzea da lehiaketaren helburua, enpresa-mundura hurbiltzeko modu erakargarria eta berritzailea izan dadin. Espainian enpresa-arloko graduren bat egiten duten milaka ikasleetatik % 0,7k besterik ez du sortzen enpresa bat; Finlandian, berriz, portzentajea % 4koa da. Hizpide dugun lehiaketa

Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleek antolatu dute. Jakinekoa denez, gradu hori eskaintzen duen estatuko unibertsitate bakarra da gurea. Eta hemendik kanpo, gainera, titulu hori Finlandian besterik ez dago. Ohiko prestakuntza-ereduarekin errotik hautsiz, enpresa eta proiektu berriei ekiteko gaitasuna sustatzen du ikasleengan, aldaketa-eragile aktiboak izan daitezen. Mondragon Unibertsitateko ikasleen aholkularitza jaso eta elkarrizketarako eta talde-lanerako dinamikei buruzko tailerretan parte hartu ondoren, taldeetako kideek bertaratutako inbertsiogile eta ekintzaile profesionalei aurkeztuko dizkiete euren negozio-ideiak.

Aurrehautaketan, 10 taldek aurkeztutako proposamenak aukeratu dituzte. Beraz, talde bakoitzak bere ideia bost minututan defendatu beharko du, “elevator pitch” edo igogailuaren diskurtsoaren bidez. Otsailaren 11ko goizean zehar, hiru irabazleen izenak emango dira ezagutzera. Nolabaiteko gizarte-eragina sorrarazteaz gain, epe labur edo luzerako bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duten ideiak izango dira irabazleak.

Epaimahaiak originaltasun- eta berrikuntza-irizpideen arabera balioetsiko ditu ideiak, ezaugarri hauek kontuan hartuz: inpakturik handiena baliabideak aurrezten eta bezeroen arreta hobetzen; berehalakotasuna, alegia, laster gauzatzeko modukoa izatea; proposamenaren argitasuna, zehaztasuna eta alderdi ekonomikoa.

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko ikasleek negozio-ideien lehiaketa antolatu dute 14 eta 25 urte bitarteko Madrilgo Erkidegoko gazteentzat.