Aktualitatea

MONDRAGON UNIBERTSITATEAK Bidasoako Campusaren proiektu berria mamitu du, eskualdean ekintzailetzaren eta berrikuntzaren sustatzaile izan dadin.

2016/12/21

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak Bidasoa eskualdera bideratutako unibertsitate-proiektua landuko du otsailetik aurrera Palmera Montero gizarte-etxeko kokapen berrian. Kudeaketa-talentua sortzea eta ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloa izango ditu langai, eskualdeko enpresa-ingurunearekiko harreman oso estua oinarri hartuta. Bidasoako Campusak bi ardatz nagusi ditu: prestakuntzarena eta ekintzailetzarena. Prestakuntzaren ardatza ekintzailetzara, berrikuntzara eta ikasketak eta lana uztartzen dituen hezkuntza dualera bideratuta dago. Ekintzailetzaren ardatzean, berriz, zeharkakoa eta sortzailea izango den kultura ekintzailea sustatuko dute, eskualdera egokitutakoa, tokiko erakundeen parte-hartzearekin. Ekintzailetzarako gune horretan laguntza eta aholkularitza eskainiko dute, batez ere enpresek lehen urratsak Irunen egiteko aukera izan dezaten. Era berean, sormena, berrikuntza eta kudeaketa-talentua sustatuko dituzte, eta baita lurraldean enpresa berriak martxan jartzea ere.

Azken finean, MONDRAGON UNIBERTSITATEAk xede jakinarekin diseinatu eta mamitu du instalazio berrietan aurrera eramango duen unibertsitate-proiektua: ingurunean berrikuntzaren eta ekintzailetzaren sustatzaile izatea, eta, egungo egoeratik abiatuta, jada abian den industria- eta enpresa-ehuna aprobetxatuz, ekiten eta berritzen jarraitzea.

Beharra izatetik aukera izatera

Eskualdeko enpresak berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta 4. industria-iraultzaren ildora ekartzeko beharra antzeman zuten, eta horri erantzuteko eta ekintzailetza berritzailearen eta sortzailearen kultura sustatzeko sortu zen proiektua. Herritarrek ere hartuko dute parte prozesu horretan. MONDRAGON UNIBERTSITATEA eta eskualdearen garapena sustatzen duten tokiko erakundeek -Irungo Udalak eta Bidasoa Bizirik agentziak- behar hori aukera bilakatzea erabaki zuten, eta horrela, gune berria ekintzailetzaren, kudeaketa-talentuaren, berrikuntzaren eta sormenaren aldeko ekosistema izango da.

Guztien artean lan egin dute ekiteko bestelako estrategia berezia jorratuko duen gunea sortzeko. Estrategia originala da, eskualdea du oinarri eta ingurunearen eta bertako enpresen ezaugarriak eta egoerak aprobetxatu nahi ditu ekiteko eta berritzeko. Horrenbestez, proiektuaren bidez, eskualdean sortuko diren enpresa-proiektuak bertan gara daitezen eta bertako enpresek gara ditzaten ahalbidetu nahi da.

Ekimen integratzailea da, askotariko interesak batzen dituena. Gazteak, eragileak, erakunde publikoak, unibertsitatea eta sektore pribatua elkartu egin dira berrikuntzaren aldeko konpromisoa hartzeko, batez ere ekintzailetzaren aldekoa.

Palmera Montero gizarte-etxean Unibertsitateak izango dituen instalazio berriak Udalarekin sinatutako 10 urterako lagatze-hitzarmenaren emaitza dira. Horren arabera, Unibertsitateak, irabazi asmorik gabeko eta onura publikoko erakunde denak, bere gain hartuko ditu gunea egokitzeko lanak, mantentzea, inbertsioak eta eraikinean sortuko diren gastu orokorren % 80. Eraikin berean udal elkarteak eta erabilera anitzeko aretoak daude.

Datu batzuk

Bidasoako Campusa MONDRAGON UNIBERTSITATEAko Enpresagintza Fakultatearen barruan dago, Oñatiko eta Bilboko campusekin batera. Guztira, 1.381 ikasle ari dira Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean ikasten. Horietatik 311 Bidasoako Campusean ari dira, bi adarretan banatuta:

  •  179 GADEn, Administrazioko eta Zuzendaritzako graduan
  • 132 LEINNen, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduan.

MONDRAGON UNIBERTSITATEAko Enpresagintza Fakultateak urteak daramatza ekintzailetzaren arloa jorratzen, eta ildo horretan aitzindariak eta erabat berritzaileak diren titulazioak eskaintzen ditu, berrikuntza eta ekintzailetza bestelako ikuspegi batekin eta metodologiarekin lantzen dituztenak. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua (LEINN) hezkuntza-berrikuntzaren erakusgarri da. ‘Taldean lan eginaz ikastearen’ metodologian oinarritutako gradua da, eta ikasleek eurek zehazten dute ikaskuntza-ibilbidea. Lehenengo egunetik hasita benetako enpresa sortu beharko dute, benetako bezero, produktu eta zerbitzuekin, eta horrek fakturazio jakin bat izan beharko du fase bakoitza gainditu ahal izateko.

Bestalde, GADE gradua prestakuntza dualean oinarrituta dago, ikasketak eta lana txandakatzean. Horri esker, ikasleak eta enpresak gerturatzea eta elkarren arteko ezagutza sustatzea lortzen da, baita ikasleak lan-mundura hurbiltzea ere. Azken hiru urteotan, GADE Bidasoan 180 ikaslek egin dituzte praktikak enpresetan, eta inguruko 148 enpresak hartu dute parte jarduera horretan. Horietatik 62 ikasle txandaka aritu dira ikasten eta lanean, eta 59 enpresak hartu dute parte. Guztira, eskualdeko 65 enpresak izan dituzte ikasten eta lanean ari diren ikasleak.

Halaber, Fakultateak 6 unibertsitate-master ofizial eta 3 master propio eskaintzen ditu. 2015/2016 ikasturtean Irunen ikasketak burutu dituztenei (ikasle egregatuei) buruzko datuak adierazgarriak dira: Egindako ikasketekin bat datorren enplegu-tasa % 74koa da eta bestelakoa, berriz, % 3koa. Ikasleen % 11k ikasten jarraitzen dute eta % 12 langabezian daude.

LEINN eta MONDRAGON TEAM ACADEMY sarea

LEINN gradua, MONDRAGON UNIBERTSITATEko MONDRAGON TEAM ACADEMY ekintzailetza-unitateko partaide da. MONDRAGON TEAM ACADEMY ekintzaile batzuek elkarlanean eratutako nazioarteko sarea da. 2008an sortu zen, MONDRAGON UNIBERTSITATEAren Enpresagintza Fakultatearen barruan, Finlandiako Tiimi Akatemia ekintzailetza-unitatearekin lankidetzan.

Taldean ekinez, balio kooperatiboak oinarri hartuta eta ‘eginez ikasteko’ ikaskuntza aktiboaren bidez, ingurunea eraldatzea da MTA Worlden xedea. Horretarako MTA sareak hezkuntza-berrikuntzako hiru programa ditu abian: LEINN, MINN (Intraekintzailetza eta Berrikuntza Irekiko Nazioarteko Masterra) eta TEAMINN (Talde Ekintzaileen Trebatzaileak Prestatzeko Masterra).

2009an ekin zion MONDRAGON UNIBERTSITATEAk LEINN eskaintzeari Irunen, eta urtebete beranduago, 2010ean, Oñatin. Ordutik, MONDRAGON UNIBERTSITATEAk 604 LEINNER ditu bost kontinenteetan zehar barreiatuta.

MONDRAGON UNIBERTSITATEAK LEINN eskaintzen duten ‘laborategiak’ ditu honako hiri hauetan: Irun, Oñati, Bilbo, Valentzia, Bartzelona, Madril, Querétaro eta Shangai. 2017/2018 ikasturtetik aurrera Zaragozan ere eskainiko dute gradua. Aipatutakoez gain, MONDRAGON TEAM ACADEMYk beste ‘laborategi’ bat du Punen, ekintzailetza eta enpresen eta proiektuen sorrera lantzen dituena.

LEINN zenbakitan

MONDRAGON UNIBERTSITATEAk LEINN abian jarri zuenetik, ikasketak burutu dituztenek 14 enpresa sortu dituzte. Startup gehienak zerbitzu aurreratuen arlokoak, digitalak eta jardueran teknologia erabiltzen dutenak dira. Guztira 75 lagunek dihardute 14 proiektu ekintzale horiek lantzen. Datu hori oso esanguratsua da enplegu-sorreraren ikuspegitik begiratuta.

Ikasketok burutu dituzten lau belaunaldiren ondoren (2012/2013 ikasturtetik 2015/2016 ikasturtera), guztira 150 egresatu daude, eta enpresen sorrerari buruzko datu hauek ditugu eskuartean:

.-2013. Enpresa bat 21 ikasle egresaturekin

.-2014. 4 enpresa 40 ikasle egresaturekin

.-2015. 4 enpresa 40 ikasle egresaturekin

.-2016. 5 enpresa 50 ikasle egresaturekin

MONDRAGON UNIBERTSITATEAK Bidasoako Campusaren proiektu berria mamitu du, eskualdean ekintzailetzaren eta berrikuntzaren sustatzaile izan dadin.