Ashoka, Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzea saria eskuratu duen gizarte-ekintzailetzako nazioarteko erakundea, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean.
“Mundu guztiak alda dezake mundua; mundu guztia izan daiteke aldaketen sustatzaile”. Horixe da Ashokaren filosofia. Nazioarteko erakunde horrek 30 urte baino gehiago daramatza gizarte-ekintzaileak identifikatzen eta babesten, mundua aldatzen eta gizartean ondorio positiboak ari direlako eragiten, euren ideia, ekintza eta proiektuen bidez. Jadanik 3.000 gizarte-ekintzailetik gora dituzte 70 herrialdetan baino gehiagotan. Erakundearen nazioarteko aitorpena erabatekoa izan da; horrela, 2011n, Bill Draytonek, Ashoka Gizarte Ekintzaileen sortzaile eta lehendakariak, Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzea saria eskuratu zuen.
Gaur, Ashokako bi kide Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatera etorriko dira. Izan ere, Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako (LEB) titulazioa eskaintzen duen Espainiako unibertsitate bakarra da MU. Ashokako kideek estatuan eta nazioartean garatzen ari diren proiektuen berri emango die ikasleei, eta, gainera, bi erakundeen arteko lankidetza-aukerak aztertuko dituzte. Ildo horretan, bisitaren helburua Ashokaren eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lankidetza-bideak arakatzea da, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua eskaintzen duen Espainiako unibertsitate bakarra garelako.
12:00etatik aurrera, Maria Zapatak, Ashoka Gizarte Ekintzailetzako Nazioarteko Operazioen zuzendari eta Ashoka Iberiaren sortzaileak, eta Josefina Garcíak, Ashoka Iberiako Changemakers Gazteen zuzendariak, hitzaldia emango dute Enpresagintza Fakultateko Areto Nagusian. Ashoka zer den azalduko dute. Izan ere, 3.000 bat gizarte-ekintzaile bazkide dituela, tankera horretako munduko erakunderik handiena da.
“Mundu guztiak alda dezake mundua” ikuspegian oinarrituz, xede jakin bat lortu nahi dute: gizarteak arazo eta erronka sozialei azkar eta eraginkortasunez erantzutea eta pertsona guztiek behar sozialak konpontzeko askatasuna, konfiantza eta babesa izatea. Halaber, gizartean berrikuntza eta aldatzeko nahia ere sustatu behar direla uste dute, pertsona bakoitzak aipatutako aldaketei ekiteko indarra eta ahalmena izan ditzan.
Bestalde, Ashokako ordezkariek erakundeko gazteentzako programa, Ashoka Changemakers Gazteak, emango du ezagutzera. Gizarte-ekintzaile gazteei euren proiektuak abian jartzen laguntzeko sortu zuten. Changemakers sareak mundu osoko 20 bat herrialdetako 3.000 gazte inguru hartzen ditu barne. Gazte horiek guztiak aldaketa sozialak sustatzeko ekimenak gauzatzen ari dira jadanik. Programak aukera ugari eskaintzen dizkie gazte ekintzaileei: tailerrak, ekintza-planak garatzeko prestakuntza, ekinean hasteko kapitala eta laguntza eta babesa. Erakundeko kideek gizarte-ekintzailetza izango dute hizpide, eta “Everyone a Changemaker” kontzeptuan, Ashokak aldarrikatzen duen leloan, oinarritutako ekintzaile-sareko kideen adibideak aipatuko dituzte. Programaren Espainiako ordezkaritzan, “Productora de Soluciones” taldea nabarmendu behar dugu. Gizarte-ekintzailetzan esperientzia duten gazteak dira, eta programa hedatzen eta proiektuen estrategia eta eboluzioa bideratzen laguntzen dute.
