Euskararen liburu beltza

Patxi Gaztelumendi-(e)k eginda at 2010/10/25 14:03 |

Joan Mari Torrealdai, Egunkaria kasuarekin hurbildu zitzaigun kurtso hasierako ekitaldira. Euskararen liburu beltzean kokatu zuen bera eta beste hainbat lagun erdiguen harrapatu dituen kasua ere, Egunkariaren itxiera eta osteko epaiketa.
Azken kapitulua (oraingoz)  eman zion izenburutzat. Eta hitzaldian aletu zizkigun akusazioaren tesiak eta Espainiako intelektual mediatikoen bulkadak.
Bertan ginenon inpresioa izan daiteke etsipenetik mintzatu zela Torrealdai, baina aktibo mantentzen du bera jarrera horrek, hala ere. Aktibo eta lanean, euskalgintzan.

  • Egunkaria, euskara, euskal kultura, euskalgintza; beharrezko zaizkigula badakigu, baina zergatik kolpatu zituztela uste duzu?
  • Egunkariarekin berriro abiatu zen erasoaldiak, jarraitu izan balu, ze ondorio izango luke gurean?
  • Eta zein da gure jarrera, gure egoera? Etsipenagatik ari gara ikastaroan, ala baikortasunak ekarri gaitu hona?

Iruzkinak (3)

Eneko B. 2010/10/26 23:04
Aupa Patxi,

puntua botata, hona bertsoaren gainontzeko 3 oinak (eta hori ni ez naizela bertsozale elkartekoa).
-Komunitate oso bat kolpatzeko erabili zuten euskalgintza eta 2 mezu oso argi igortzeko: edonor atxilo hartu liteke eta goardia zibil-espainiar botere ilunenentzako euskal usaindun oro kirastuna da.
-Uste dut Bertold Brechten olerkiak segida izango lukeela zoritxarrez eta erasoaldia ez litzatekeela hor geratuko. Eta kontrapuntua, erasoaldia gelditu da ala?
-Gure jarrera baikortasun helduarena da. Nagusitxoak gara itsu-itsuan baikor izateko, baina badaude baikor izateko printzak.
MANUEL ETA KARMEN 2010/11/03 19:05
Bat nator Enekok egindako azken komentarioarekin, gure jarrera baikortasunezko jarrera heldua da.
Etsipenetik Eskoriatzara asteazkenero? Esango nuke etsipenak etxean geratzeko gogo gehiago ematen duela ikastaroa osatzen dugun kuadrilarekin bizipen eta ezagutzak konpartitzeko baino.
Baikortasun printzena berriz, ez dugu hain ondo ulertu. Adibideak beharko genituzke.
Beñat Gaztelumendi 2010/11/03 19:12
Nik uste Erramun Baxokek eman ziola erantzuna lehenengo galderari, nahi gabe. Kulturaniztasuna arriskutsua izan daiteke ikuspegi batzuetatik; hizkuntza handi baten logikatik kulturaniztasuna onar baitaiteke baldin eta bera bada hizkuntza komuna. Gure kasuan euskarak (askotan pesimista bagara ere) espazio batzuk bereganatu ditu, eta hori arrisku bezala bizi dute batzuek. Azken finean, hizkuntzari lotuta baitago hizkuntza komunitatea, eta hizkuntza komunitate honi lotuta lurraldetasuna. Estatuaren batasunerako arriskutsutzat jo zen aniztasun hori, eta horregatik eraso zioten euskalgintzari. Eta ez da ahaztu behar Katalunian ere izan direla erasoak. Eta logika horrek irauten duela uste dut...

Ni baikorra naiz hala ere, eta uste dut Joan Mari Torrealdaik hori bultza nahi zuela. "Epaiketa irabazi dugu, bai, baina lanean jarraitu beharra dago" esan nahi zigula iruditu zitzaidan. Nik uste Enekok arrazoi duela.