Mikel Irizar, HP21 eta tribua
Mikelek egin zuen euskalgintzaren egungo egoeraren hausnarketa eta etorkizunerako proposamena oso berritzaileak iruditu zitzaizkidan. Berak aipaturiko ideia batzuk HP21 txostenaren gaineko eztabaidarekin lotu nahi ditut. Euskaldunon ajeak aipatu zituen eta haien artean “Politikan fede larregi”. XX1. mende hasierarako Hizkuntza Politikaren Oinarriak ere politika dira. Kontuz, beraz. Ez dezagun gure hizkuntzaren etorkizuna politikaren esku utzi. Jaungoikoari erreguz, lanari mailuz.
Eragina galdu
Mikelek zioen “eragina galdu” dugula, hori dela euskaldunon beste aje bat. Edozein arazoren aurrean, bi ikuspuntu ditugu aukeran: arazoaren erantzukizuna gurea dela pentsatu ala beste bati errua bota. Lehenengo ikuspuntuak astunagoa ematen du, zama gure lepo gainean jartzen dugu eta. Baina guztiz kontrakoa da. Erantzukizuna gure gain hartzean, gure buruari ematen diogu egoera aldatzeko ahalmena eta askatasuna. Beste baten errua dela esaten dugunean, berriz, gure burua egoera hobetzeko ahalmen barik uzten dugu, ikusleak gara, ez eragileak. Gure arazoa euskararen etorkizuna bada, guk geuk hartu behar dugu arazoa konpontzeko erantzukizuna. Nortzuk gara gu geu?. Euskal hiztun komunitatean kezka hori dugun kideok. Gurea da arazoa, ez beste inorena. Beste batzuen eskuetan uzten badugu, gure ahalmena eta askatasuna galtzen dugu: eragina galtzen dugu. Kontuz, beraz, HP21 agertzen diren ideia batzuekin: euskara ez da EAEn bizi diren pertsona guztien altxorra (edo kezka). EAEko pertsona askori euskarak bost. Ez utzi inori gure ahalmena eta eragina ahultzen, erantzukizuna eta ahalmena gurea da, hiztun komunitatearena.
Gure tribua
Mikelek esan zuen tribua “Euskara jaso dugunok” osatzen dugula. Nik definizioa osatu eta zehaztuko nuke: euskara jaso eta garatzeko, erabiltzeko eta geroratzeko xedea dugunok. Horiek gara. Nork geroratu dezake euskara guk geuk ez badugu geroratzen? EAEko erdal elebakarrek edo “paso” dioten euskaldunek? Lurraldetasun kontzeptua burutik kendu behar dugu, errealitatea ez datorrelako bat eremu geografikoekin. Gure tribua munduan sakabanatuta dago, EAEn batzuk, Nafarroan batzuk, Bartzelonan beste batzuk, Parisen ere zenbait… Batzen gaituena ez da non gauden erroldatuta ala zein nazionalitate dugun, batzen gaituena euskara da.
Proposamenak
Hiru proposamen bota nahi ditut eztabaidarako:
- Lehenengoa, gure tribuak erantzukizuna eta ahalmena berreskuratu behar du.
- Bigarrena, Mikelen hitzetan “hizkuntzaren oinarri komuna, sare sozialetara itzuli, lobbyetan antolatu, amarauna…”, hau da tribua egituratu eta eraginkorra bihurtu.
- Hirugarrena, tribuko kideak gaur izan aurrerantzean lortu nahi dugunaren eredu: transmisioan, gaitasunean eta erabileran.
HP21 txosteneko ideiak oso bestelakoak dira. Ahalmena EAEko alderdi politikoen eskuetan dago, ez hiztun komunitatean. Norbanakoaren hizkuntza askatasuna da bidea, ez hiztun komunitatea egituratzea. Helburua elebitasuna da, ez euskara garatzea, erabiltzea eta geroratzea.
Ekintzak
Esan bezala, bi aukera ditugu aurrean: erantzukizuna gure gain hartu ala beste edozeini errua bota (HP21ri, esate baterako). Nik lehena nahiago dut. EKT graduondoan parte hartzen dugunok aukera ezin hobea daukagu aurreko hiru proposamenak gorpuzteko.Tribuko kideak gara denok edo gehienok eta gure arteko tribu hau egituratzen has gaitezke eraginkorragoak izateko:
- Gure arteko sarea sortuz, teknologia berriez baliatuz (sare soziala).
- Sare hori erabiliz, elkarrekin lan egiteko graduondoak irauten duen bitartean.
- Etorkizunean ere, elkarren arteko loturak mantenduz.
- Sarea zabalduz, bakoitzak ezagutzen ditugun tribu kideak gehituz.
- Gure helburuak lortzeko modu eraginkorragoan lan eginez.
Zer uste duzue?


Bide batez, esker ona zabaldu nahi diet hitzaldian entzule izan ziren guztiei. Haien arretak eta keinu-hizkuntzak oso eroso sentiarazi ninduten. Bejondeizuela!