Lasarten Ttakunetik dator notizia
Makinatxo bat lasartear izan ditugu 1. moduluan gure artean: Iñaki Arruti, Jone Miren Hernandez, Jose Mari Agirretxe (Porrotx). Antolatzaileon artean ere bada lasartearrik (Iñaki Urruzola) eta ikasleen artean ere bai (Mailu Arruti). Kasualitatea ote?
Ez da kasualitatea, inondik inora. Aurreiritzi asko deusezten laguntzeko, garrantzitsua da Lasartekoa aztertzea: oraintsu arte herri izan ez den udalerri erdaldun(du)a; PSE-EE-k beti izan du erabateko nagusitasuna udalean… Ez demografikoki, ez politikoki, beraz, ez lirudike Lasartek izan behar lukeenik herri atzindaria euskarari bide berriak zabaltzeari dagokionean.
Baina halaxe delakoan nago ni: teoria eta praktika uztartzen ahalegindu dira Ttakun-darrak azken 20 urteotan. Udaleko euskara-teknikari prestua gidari, herritar euskaldunen desirei forma ematen jarraitzen dute, “sentitu, pentsatu eta egin” ipar hartuta, Porrotxek esaten zigun eran.
(In)formazioa energia dela frogatzen dute: praktikatik gogoeta egiteko jendea sortu da (Jone Mirenen tesia, kasu), eta gogoeta ez ezik bertako praktikak bideak zabaldu dizkie zenbait lasartearri Euskal Herrian aintzindari izateko. Eta horren guztiaren oinarrian, herrian bertan egindako guztia: komunikabideetan, ikastetxeetan, aisialdian, kulturgintzan…
Honenbestez, zorionak Ttakunkideok. Plaza errezagoetan ibilita ere, ez da beste herririk zuek adina aurreratu duenik azken hamarkadetan. Kantitateari begiratuz gero, Lasarteko datu soziolinguistikoak ez dira disdiratsuenak izango; kualitatiboki, ordea, aurrera egiten jarraitzekotan, badugu nora begiratu: Lasarteko euskaldunak beste inongoak baino autozentratuago daude euskararen orainean, herrigintzan. Ez zaudete oraindik ondo, baina hobeto bai, ezta?


Goraaa!!!