Kasu bat: ume euskaldunen kultura Berlinen
Hona hemen kasu bat hausnartzeko (irakasleekin lantzen dugu Kulturarteko Hezkuntzari buruzko ikastaroetan). Ea ba zuek zer pentsatzen duzuen!
Ume euskaldunen kultura Berlinen
Berlinen bizi den Euskal Herriko familia baten alabak joaten diren eskolan Euskal Herriari buruzko festa txiki bat ospatuko da. Arrazoi nagusiak dira alaben kultura ezagutaraztea eta neskak baloratuak sentiaraztea, besteak beste. Festa txiki horretan bideo bat jartzen dute herri kirolak azaltzen dituena, eta Bilbon denboraldi batean egondako irakasle batek dantza herrikoi erraz bat irakasten die ikasleei. Festa girotzeko trikitixa musika entzuten da kasetean. Alabek gurasoei festa kontatzen dietenean, eskolako adeitasuna eskertzen dute gurasoek, nahiz eta haien familiako zaletasun kutunen artean ez izan trikitixa musika eta dantzak eta ez duten sekulan herri kirolen saio bat ikusi, ez Alemanian ez Euskal Herrian.
Zenbait galdera
- Zuen ustez zer da egokia jardueran horretan?
- Zer da “ez hain egokia” edo hobegarria jardueran?
- Zein da irakasle horren kulturaren kontzeptua?
- Antzeko ekimenak egiten dira hemen immigratuekin (eskolan, jaietan…)?
- …

