Jon Sarasuaren 8 hitz gakoen logika
Jon Sarasuak otsailaren 18an eskaini zigun saioaren harira, hilaren 24an Jon Eskisabelek idatzi zigun kronika Berria egunkarian. Eskisabelek eginiko zenbait komentarioren harira eman ahal diogu hasiera iritzi-trukeari:
Arrangura, estrategia, hegemonia, garabidea (“euskaltasunaren zoria bestelako gizartegintza baten zoriari lotuta doa”), jarraidura, irekidura, sormena eta izaera humanizatzailea.
Baina bereziki kontzeptu bat iruditu zaio aldarrikatzeko modukoa ikasle honi: autokonfiantza. Bertsoak etorkizunik ez zuela, kalitate gutxikoa zela, sagardotegi eta baserrietatik atera behar ez zuela zioten igarle guztien iritzien gainetik, berearen balioa aintzatestea erabaki zuen bertsolaritzak, “bizitzen laguntzen digulako, betetzen gaituelako, humanizatzen gaituelako”. Nago euskal kulturgintza osatzen dugunok maiz autokonfiantzarik gabe jokatzen dugula, besteen iritziaren menpe, gure kulturak gure bizitzari egiten dion ekarpenaz ohartu gabe. Galdera da: bertsolaritzaren esperientzia —“betetako amets baten istorioa”, Sarasuaren hitzetan— eraman daiteke kulturgintzaren beste eremuetara? Ametsak ez dira errepikatzen, baina…
Jatorrizko artikulua: Arranguratik amets betera


Nola aurkitu gaur egungo gizartean duen zentzua, betetzen duen funtzioa eta egin geure, tradiziotik datorkigunari?
Ez da erraza erantzuten baina niri behintzat oso baliagarria egin zitzaizkidan Jonek saioa hasteko arbelean zerrendatu zituen kontzeptuak. Zerrenda hori, bapateko irakurketan eta niretzako behintzat, zentzua topatzen ez nien kontzeptu sorta zena, saio amaieran gaur egungo hainbat egoera eta gertakizun hobeto ulertzeko, neure egiteko, oso baliagarria gertatu zitzaidan. Orduztik honako hainbat elkarrizketatan, bereziki, irekidura eta jarraidura kontzeptuak maiz etorri zaizkit burura eta aurrera egiteko beharrezkotzat edo aurrera egin duten fenomenoak ulertzeko eta azaltzeko erabili ditut.
Azkenik, azpimarratu nahi dut bertsozaletasunaren ibilbidea adibide moduan erabili zela fenomeno orokor bat azaltzeko. Hau da, guk gertutik ezagutu dugun gertaera bat izan da, bere hastapena bilakaera eta emaitzak ezagutu duguna. Baina beste hainbat alorretan ere (pertsona, erakunde, herri, etab.), modu apalagoan, aplikatu dena.
Bakoitzak irudikatu behar du bere ametsa eta lortzeko pausoak eman...