Gure puebloko nezesidadeak
Banuen gogoa Kike Amonarrizi entzuteko, orain pare bat hilabete irakurri bainion nonbaiten euskañolaren alde egiten, edo euskañolaren zenbait alorren alde. Ikusmina nuen, nik beste ikuspegi bat izan baitut gai horretan. Gainera, ikusita gure alabaren hizkuntza bilakaera, jakin nahi nuen Kikek zelan azaltzen zuen gazteen hizkuntza bilakaera.
Kikek ikuspegi zabalagoa erakutsi du hizkuntzaren bilakaeraz nik izan dudana baino, eta uste dut euskañola ere horrela ulertzen duela, perspektiba luzeagoarekin. Adibide egokia iruditu zait XIX. mendean Gazteluko abade haren sermoiko hitzak —“Gure puebloko nezesidadeak”—, erakusteko euskañola aspalditik datorrela. Bestalde, uste dut merezi duela, bai, euskañola zubi gisa ikustea erdaretatik datozen euskaldunekiko.
Gazteen hizkuntza bilakaerari buruz, ostera, eskertzen diot Kikeri azaldu izana panorama zabala: euren arteko tribu nagusiak, jarrerak, argota, beronen funtzioak, hizkuntza transgresio moduan… Horrek lagunduko dit gure hurbilekoak —alaba eta ikasleak— hobeto ulertzen.


Gazteen hizkera non bilatu baina? Ba euskaraz bizi diren herrietan, jakina. Hona hemen, esaterako, txat baten zatia, ondarrutarrez idatzia:
pasan asteburu ona be ona bai, ikusirot hor komentaxuk eta neube saioan morun, domekan madrugoi!!! aiii, honek aizta gaztik... jejeje. bañe polidemasa ixanzan ta ba aizti apoiatea junbire!!
ba bueno, aber eoten gazen fotolog-in ero, msn-n o lo ke sea
Ea ba, hor daukagu perlatxo bat: POLIDEMASA. Eta hona nire proposamena: esporta dezagun gure gazteek dagoeneko erabiltzen duten hizkera hori. Euskaltegi eta eskoletan asignatura moduan jarri beharko lukete ("aukerako" moduan, behinik-behin).
Inork ezagutzen du interneten gazte hizkera batzen duen webgune edo blogik? Oso interesgarria izango litzateke horrelako tokiren bat izatea, gazteek euren ekarpenak egiteko, eta gazte hizkera hori ez dutenek besteen ekarpen horietatik ikasteko.
Asteazkenera arte, EKT hau (momentuz behintzat) polidemasa izaten ari da eta!