Euskalkiak: minorizazioaren altxorrak?

Julen Arexolaleiba-(e)k eginda at 2009/02/05 12:10 |

Benetan mamitsua iruditu zait Koldo Zuazoren hitzaldia. Berak ganbara oso betea dauka, baina asmatu du, nire ustez, neurriko dosiak eskaintzen darabilen gaiaren argigarri.

Tesi historikoa: 1745a baino lehen euskalkiak traba ziren euskal-jende ilustratuarentzat (Leizarraga, Axular, Materre,…); eredu estandarraren premia somatzen zuten. Larramendiz geroztik, ordea, euskalkien gainbalorazioari ematen zaio hasiera: Jainkoak berak sortu zituenez euskalkiak, maitatu eta landu egin behar ditugu horiek. Ez dago, beraz, eredu batuaren beharrik. Ildo beretik jo zuten, mezua egokituta, Aita Kardaberazek, Mogelek, R. M. Azkuek (Aintzinako protoeuskara), Arana-Goirik (neologismoak) edota Krutwig-ek eta abar (Lapurtera Klasikoa), besteak beste.


XVIII. mendearen erdialdetik datorren joera horren ondorio batzuk, honako hauek: a) euskara zaila da; b) euskalkiak oso desberdinak dira elkarren artean; c) euskara batua ez da naturala; d) euskaldun berriei burla egiten zaie euskara txarra darabiltelakoan…


Horrenbestez, aberasgarria al da euskarak hainbeste euskalki izatea? Poztu egin behar al dugu horregatik? Koldoren ustez, ez! Hizkuntza normalek ez dute horrenbeste dialekto eta hori bera da normaltasunaren seinale.


Egungo tesia: Eredu batua da lehentasuna, euskalkiak eredu horretara iristeko baliabide-edo.


Bertakotik osotasunera (herritik naziora) hurbiltzeko bitartekotzat hartu behar ditugu euskalkiak. Osagarritasuna da helburua, eredu dikotomikoa gaindituta.


Berriak eta tokian tokiko Hitzak eredu beretsua erabiltzen dute gaur egun. Egokia ote da hala jokatzea?


Unibertsitatean Euskal Filologia ikasten ari direnek ez dute batuan hitz egin nahi izaten, euskalkizaleak baitira. Normala ote?


Eta normala ote, era berean, Elgetako haurrei haur hezkuntzan batuaz irakastea?


Tokian tokiko batuaren alde dihardu, azken finean, Koldo Zuazok. Nahiago beste egoera bat bagenu, baina daukaguna daukagunez…

Iruzkinak (7)

antuan 2009/02/06 14:46
Benetan uste duzu euskalkiak altxor bat eta aberastasun bat direla? Koldok galdera tentagarri horrekin ekin zion bere hitzaldiari.

Julenekin bat nator. Hitzaldiaren lehen bertutea izan zen Koldok ez zuela hamaika gauza kontatzeko asmorik izan. Ondo mugatu zuen gaia. Hitzaldien arazoa gaia zedarritzea izaten da. Bigarren arazo bat puntuari erantzutea. Biak ondo egin zituen.
Hau bere lehen baieztapena: euskalkiak “gertakari txarren” eta kohesio sozialaren faltagatik daude.

Uste dut bere asmoa ez zela batuaren apologia inozo bat egitea. Bere asmoa “euskara ez, euskalkiak bai” oniritzi orokortua auzitan ipintzea izan zen. Une oro bere proposamenaren berri emanaz, gure uste ugari auzitan ipintzen saiatu zen, beraz.
Zaila da erromantikoa ez izatea, gure herrietako euskalki eta hizkerei muzin egin behar diegula entzutea. Pena ematen digu gure gurasoek oraindik badituzten hitz egiteko moduak galdu izanak. Baina oker geundeke batuaren aldeko argudioen ondorio zuzena euskalkien gutxiestea dela ondorioztatzea.

Koldok batua vs. euskalkia dikotomia gainditzen du, ondo frogatu zuen argudio zuhur eta adibide ugarirekin bere proposamena, lelokeria bat da Koldo euskalkien aurka dagoela esatea. Gainera, eta ez da kontraesan bat, batuaren faltan eta euskalkien kaltetan uniformizazio nahaspilatsu bat ere badagoela frogatu zuen. Lerro-artean aipatu zuen hori, baina interesgarria da horri ere arreta jartzea.

Julenek idatzi bezala, XVIII. mendeaz geroztik mito ugari luzatu da eta gaurko errepresentazio kolektiboan oso barneratuak ditugu. Hitzaldiaren lehen zatian horretaz aritu zen. Baina horrez gainera, Koldok beste ideia esanguratsu batzuk ere komentatu zizkigun.
1. Bereizi egin behar dira “batua” eta “euskalkiak”. Baina garrantzitsuagoa da “erregistroa” (mintzakideen testuingurua eta giroa) eta “hizkera jasoa edo lagunartekoaren bereizketa” kontuan hartzea.
a. Ezinbestekoa da Euskadi Irratian zaudela edo beste eskualde bateko eskolan irakasle zaudela konturatzea,
b. Berria (nazionala) eta Hitza (eskualdekoa) bereiztea,
c. “ene aburuz” edota “heldu den …” erabiltzeak ez gaituela euskaldunagoak egiten konturatzea, e.a.
d. Halako adibideen inguruko hausnarketek bere argudioei indarra ematen diote, eta niri behintzat konbentzitu ere bai.

2. Biziraupenaren kosteak dira euskararen lurraldeak galdu izana, prestigio sozialaren gabezia, hizkuntza-egitura hondaturik izatea, edo biziraupena bere ere zatikatua egotea.

3. Dialektokerian jarraitzeko arrazoi bat da euskaldunon jatorrismoa, ezinikusirako gure joera. Baina esplikazio inportanteak dira ere gramatikarik eza (eskolarik eza), zatiketa administratiboak, ko-ofizialtasunak, e.a.

4. Batuaren faltan …
a. Filologia fakultatean jendea nor baino nor ibiltzen omen da bere euskalkian … eta –beraz- “euskalkirik ez duena” gazteleraz …
b. Samurrago irakurtzen da Diario edota ikusentzuten A3 … “Kirolak” saileko berriemaileak bere euskalki jatorrenean idazten badu …

5. Euskalkiek duten gauza ona da euskaratik geratzen zaigun gauza bakarra direla. Euskalkiak beraz beharrezkoak dira, hortik abiatu beharko da, baina txokokeriak txokoetara mugatuz, euskara zabalduena (biziena) eredu bezala hartuz, e.a.

Horrelakoak eta gehiago Koldoren hitzaldian entzundakoak.

Nire pasarte hauen aldean, gainera, bere hitzaldia modu koherentean eta sistematizatuan gorpuztu zuen. Eta paperik gabe … eta PowerPointik gabe … baina denok bere sarean harrapatuta igaro genuen hitzaldi osoa.

Nire txaloa irabazi zuen. Emoziotik hitz egin zuen, nabari zitzaion sinesten zuela esaten zuena, eta letra txikian baina ez zion ingurumari sozio-politikoari ere erreferentziak egiteari utzi. Isilik egoten dakienari gertatu ohi zaionez.

Besarkada bat Koldori.
Karmelo 2009/02/06 23:49
Lehengoz,zorionak Koldorik eman zuen hitzaldiagatik.Zehatza,argia eta entretenigarria izan zen.Horrez gain,batua-euskalkiak-erregistroak gaiaren gaineko hausnarketan sartu arazi ninduen.Burura etorri zitzaidan ideia bat bota nahi dut hemen,ni bezalako kaleko euskaltzale,erdi mailako sasi-euskaldun baten ikuspuntua adierazteko.
Erabilera bultzatu behar da.Uste dut horretan denok ados gaudela.Nire ustez,erabilerarako oso kaltegarria da euskal hiztunok gure barruan daukagun “euskaltzain-zuzentzailea”. Adibide batzuk :
• Nire emazteak (euskaldun berria, EGA duena) aitari:” baskalchen zaudete?”. Aitak: “chen ez, tzen esaten da, mihia haginen ondoan jarrita.Oraingo euskara...”. Nire emazteari euskaraz hitz egiteko gogoa pasatu zaio, sasoi baterako behintzat.
• Nire osabak Arrigorriagako euskarari buruz: ”errudea pintxau jat…Se dice gurpila zulatu jata. Lo que se habla aquí ni euskera ni nada. Éste, Karmelo si que habla bien euskera…”. Osabarekin euskaraz hitz egiten dudan bakoitzean, ahozko EGA azterketako urduritasun berbera izaten dut.Badaezpada ere, elkarrizketa laburrak ditugu euskaraz, erdara zuzena hobeto menperatzen dugu eta.

Onartu behar dut ez nintzela ausartu Koldori galderarik egiten. Osabarekin bezala sentitu nintzen, erabili behar nuen erregistroa topatu ezinik. Nire zoritxarrerako nik ez daukat erregistro kutxa buruan.Ez naiz gauza Zeberioko bizkaieran aritzeko, ezta batua garbian hitz egiteko ere.Nire euskara nahasia da, etxean txikerretan jasotakoaren eta euskaltegian ikasitakoarekin osaturiko koktela. Eta ez naiz salbuespena, hemengo ( Arrigorriagako ) euskaldun gehien gehienok ez ditugu oinarrizko bi erregistro horiek menperatzen.Ez da borondate falta edo intentzio txarra.Gaitasuna da gure arazoa.Hona hemen gaitasunari buruzko bi adibide:
• Nire amak (euskaldun zaharra zen) “El Correo” irakurtzen zuen. Ni Berriako harpideduna naiz eta askotan eztabaidatzen genuen egunkarien kalitateari buruz. Egun batean zera esan zidan: ez dakizu ba nik ezin dudala euskaraz leidu!. Ama amorratuta zegoen, onartu behar izan zuen berea ez zela borondate falta, ez zekien bere hizkuntzan irakurtzen.
• Nire aitak (euskaldun zaharra) Mihiluze programa ikusten ari zela zera esan zidan: bizitza osoan euskaraz eta orain euskaldunak ezin ulertu. Aita konturatu da zein mugatua den bere euskara, erran eta anitz ez direla batuaren asmakizunak.
Nire ondorioak:
• Batuera-bizkaiera-erregistro egokia debatea hiztun komunitatearen eliteari bakarrik dagokio.
• Kaleko hiztun gehienok ez daukagu erregistroa aukeratzeko modurik. Arazoa ez da borondatea,gaitasuna baizik.
• Kasu gehienetan batuera-bizkaiera-erregistro egokia eztabaidak ondorio batera garamatza:erdara erabiltzera. Ez da,beraz,erabilera bultzatzeko bidea.
• Gure tribu honetarako printzipio berri bat proposatu nahi dut: euskaraz hitz egiten duenari ( tribuko kideari ) beti ondo esan edo gutxienez bakean utzi; kritika guztiak erdaraz aritzen direnentzat gorde. Ziur nago horrela jendeak errazago egingo duela euskaraz,erabilera indartuko dugula, eta erabiliz euskalkiak eta erregistro berriak ikasiko ditugula.
Honekin ez dut esan nahi Koldok esanikoarekin ados ez nagoenik. Baina kontuz ibili behar dugu “euskara oso zaila da” eta “guk ez dugu euskaraz ondo egiten” mito kaltegarriak ez elikatzeko. Ez dira onak euskararentzat.
Olatz 2009/02/09 11:21
"Euskararik onena, egiten dena", entzun dut sarri. Egia handia da hori. Baina egin, ereduren bati jarraituta egin behar beti.

Euskaldun zahar askok berea du naturaltzat, besteaz ezin ei ditu bota nahi dituen guztiak: berean jardun, eta kito. Euskara batuaren jarraitzaile sutsu askok (ez denek), berriz, natural ikasitakoa baztertu eta batua baino ez dute aintzat hartu izan: euskaldun berri bihurtu eta zerotik hasi behar.

Euskaldun berri-berriek, bestalde, nahiko lan dute euskaraz egiteko erabakiari eusten, adierazkortasun baliabide urritasunaz eta euskaldun zahar euskalkidunen bizitasunaren "inbidiaz".

Orain euskalkia dago modan, lehen batua egon zen lez. Ez ditzagun gauzak muturrera eroan, eta jarraitu dezagun zubia eraikitzen euskalkiaren eta batuaren artean.

Horrelakoak eta gehiago pasatuko zaizkigu guri. Azkenean, azpian norberaren eta bestearen hizkeraren gutxiespena dagoela-eta nago. Egiten denari balioa eman behar diogu eta prestigioa eskuratuko dugu.Horrela, garena garela, eman egingo dugu (ez inor mututu).

Koldo Zuazorekin 100% ados nago, eta pozik, bere mailakoak horrelakoak esaten entzunda. Gainera, ederto jardun zuen: atsegin, zuzen eta argi. Eskerrik asko.
Gilen 2009/02/14 16:11
Batuak betetzen du idatzizko hizkuntza standardaren funkzioa, ondo edo txarto, baina guztiz eskasa dugu oraindik ahozko mailei dagokienez. Euskaltzaindiak eman digu ebakera zaindurako zenbait aurau-gomendio, baina zer gertatzen da beste registroekin? Zer eredu komuna dugu akzentuari buruz? Azkenean, euskaldunok egiten duguna da aplikatzea dakigun ahozko sistema normalizatua, hau da, gaztelaniarena, idatzizko euskarari, egoera guztietan, eta ondorioa da hain antinaturala ezen higuina ematen digula eta euskalkiz hitz egiten dugu, edo zuzenean gaztelaniaz. Zergatik ez erabili euskalki ahoskeraren ezaugarri nagusiak eta komunenak batuaz? Alde batetik, arau horiek ez direlako irakasten, eta bestetik debekatu dizkiguteko (esaterako etsaminetan).

Adibide bat:

"Hilaren hemeretzian joan behar dugu neure arrebari bisita egitera Markinara"
[ílan emétzixèn yun bigú arrébai bisítteitterà markíñà]

Zergatik ezin da hola hitz egin batuaz? Ez al du honek hurbiltzen euskalkira? Kontuan izan ezen adibide hau soilik dela aukera posibleetako bat, eta registro oso kolokial batean.

Amonamantangorri 2009/02/26 03:59
Edozeren gainetik: Euskararik hoberena, hitz egiten dena.

Ikasleek inurune formaletan ere herriko hizkeran egiten dutela-eta kexatzen da Koldo. Nik ez dut uste hori ikasleen "euskalkizaletasunari" zor diogunik, edo ez dut uste hori denik arazo nagusia. Dialektoaren eta batuaren artean ezin da aukeratu bietako batean hitz egitea ezinezko zaizunean, ahaleginak eginda ere.

Bota diezaiogun errua LOGSEri, telebistari, edo "gizarteari" orohar, baina kontua da unibertsitateko ikasle gehienek oso maila eskasa dutela jendaurreko mintzoan. Euskaldun nahiz erdaldun, hizkuntza-erregistroak ez dituzte behar bezala bereizten. Guk darabilguna hizkuntza hain minorizatua eta barreiatua izaki, arazoa larriagotu egiten da.

Beraz, normal-normala da ikasleek jendaurreko aurkezpenetan-eta beren herriko hizkera erabiltzea; hasteko, inork inoiz ez die hori debekatu edo gaitzetsi. Neroni bederen, inork ez zidan sekulan horren gainean iruzkinik egin, unibertsitatera iritsi nintzen arte. Eta gainera, jendeak inguru formaletan ez daki zer egin: lagunartean dabilkiten berbera, fonetismo lokalistarik gabeko herri-hizkera, haien eskualdeko ezaugarriekin "bixitutako" batua, ETBko estandar aseptikoa,... Ez bada irakasten, ez da ikasten.

Imanol Larrañaga 2009/03/18 19:47
Ez nintzen Koldoren hitzaldian egon, zoritxarrez (Santa Ageda bezpera zen, eta baserriz baserri jardun genuen kantuan eta eskean). Baina gaia asko interesatzen zaidanez, zuen iritzi eta komentarioak irakurtzen jardun dut egunotan. Eta jasotzen duenak eman ere egin behar duenez, erabili.com atarian Mikel Hernandezek idatzi duen artikulua erregalatu nahi dizuet. Uste dut baduela mamirik, eta, behar bada,tutore mintegiren batean gogoeta egiteko aproposa izan daiteke. Ni animatuko nintzateke behintzat. Irakurri patxadaz, eta ea zer irizten diozuen. Helbide honetan topatuko duzue: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1236848129
Julen Altube 2009/03/19 19:48
Interesgarria begitandu jat benetan Mikel Hernandezen artikulua, Imanol.Zelako katramilatsua dan gure hizkuntz eremutxo hau.Hiztun komunitatearen kohesio beharraz gabiltz eta hara non azpikomunitateen errealitatea be kukuka jatorku. Txolopote sakona gurea! Aberastasun delikatua euskalkiena, bizi gaituena eta maitasunez, disfrutauaz...sufrituz... jagon beharko doguna.
Zure lanean ederto dinozun moduan, "zaindu maite duzun hori".