Euskal Kultura sarean: altxor bila!

Julen Arexolaleiba-(e)k eginda at 2009/06/05 16:30 |

Joxe Aranzabalek editatu berri du albiste bat EKT webean. Gogoan duzuenez, aurreko asteazkenean, ekainaren 3an, taldetxotan bilduta gehien erabiltzen ditugun euskarazko weben berri eman genion elkarri. Albistean ageri diren horiexek dira gehienok konpartitzen ditugunak.

Komentatu genuen, orobat, Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren harira, gutako bakoitzak  dauzkagun interesguneen arabera, ezagutu eta erabiltzen ditugula beste hainbat.

Zergatik ez diogu elkarri webgune horien berri ematen? Webaren helbidea jarri eta komentario labur batez jakitera eman dieziokegu elkarri interesgarritasunaren nondik norakoa.

Esate baterako, nik aholkatuko nizueke Udako Euskal Unibertsitatearen Inguma delakoa: Euskal Komunitate zientifikoaren datu-basea. Euskaraz produkzitzen dena biltzen dute aspalditxo hasita. Gure aditu-tituluan dagozkigun gaien harira ere bada zer arakatu. Adibide bat: Klikatu hemen eta begiratu Joxe Aranzabal berari buruz zer ageri den.

Amua jarrita, norbera has dadila arrantzan orain!

Zeuek ere izango dituzue aholkatzeko modukoak, ezta? Animo, bada.

Iruzkinak (7)

Joxemai 2009/06/08 17:54
• Ereduzko prosa gaur: irakasleoi sarritan gertatzen zaigu galdera xelebre samarren bat erantzun ezinik geratzea, oraindik gramatikek jaso ez dutelako-edo. Horietan, Ereduzko prosa izeneko webguneak aukera bikaina ematen digu nahi adina adibide bilatzeko eta haietatik geuk ondorioak atera eta arauak “asmatzeko”.
• Euskaltzaindia: arauren bat gogoratu ezin dugunean, Euskaltzaindiaren webgunean ditugu arauak: herri-izenak, bait nola idatzi behar den… Horrez gain, kontsultak egiteko ere badu lekua.
• Intza.armiarma.com; Atsotitzak (Gotzon Garate). Bi gune horietan esamoldeen ordainak eta esanahiak aurkitu ahal ditugu.
• Argia.com: erreportaje berriak eskuratzeko
• Zientzia.net: erreportaje berriak eskuratzeko
• Eitb.com: erreportajeak bideo formatuan nahiz podcast-ak eskuratzeko
• Euskaltube: bideoak eskuratzeko
• Info7: Podcastak lortzeko
Miriam 2009/06/09 11:06
Niri Patxi Traperoren bloga irakurtzea gustatzen zait. Egunerokotasunean oinarritzen da eta tarteka gaurkotasuna, berriren bat edo beste bere egiten du, hortik ateratakoak bere erara kontatzen ditu, gehienetan umorez eta pantailaren aurrean zure burua barre egiten topatzen duzu ezinbestean. Bizitzaren gertakizun txikiak edertasunez azaleratzen trebea da. Testuen (oso grafikoak, batzutan publizitatearen tentsioak erabiltzen ditu, adibidez testu baten amaiera hurrengo egunerako uzten duenean) argazkien, bideoen, musikaren eta jolasen bidez egiten du hori guztia, besteak beste.

Orain bloga aldatzen ari da, dioenez "enegarren aldiz" eta arraro dago blogaren forma baina sartu eta irakurri Kung-Fu Carradine-ri buruz dioena, merezi du. Trapero euskal blogosferako argonauta da.

http://patxitrapero.blogspot.com/
julen altube 2009/06/09 19:06
Sarri samar sartzen naiz gustoko ditudan bi blogetan, bata Piperrautsa izenekoa da, Mikel Irizarren bloga, eta bestea Faroa, graduondoko honetan kide dugun Joxe Aranzabalena. Gogoetarako hariak ematen dizkidate. Gainera, Elorrixotik ere eginda badaudela jakiteak jakinmina areagotzen dit...gertutasunaren indarra.

Gero badago beste harribitxi bat, Larrabetzun sortutakoa, Linterna Gorria izenekoa...bihotz bakartien klubekoen erakusleihoa... euren manifestua ederra da benetan.
ibon 2009/06/10 23:28
Egunero egunero bisitatzen ditugun euskarazko web guneak, gutxi gorabehera, berberak eta ezagunak dira (berria, sustatu...). Horregatik saiatuko naiz estatikoagoak edo ez hain biziak diren beste webgune batzuk aurkezten, eta nire ustez zuentzat berriak izan daitezkeenak.

http://www.soinumapa.net Ideia bat egiteko, ahotsak.com moduko web gunea da, baina bertan biltzen direnak Euskal Herriko soinuak dira, landa-grabaketak, giroak. Donostiako artelekuko audiolab atalak sortua.zer esanik ez, soinu guztiak erabil daitezke libreki. Hortik sortu zen REMAPA ( http://www.arteleku.net/4.1/seccion.jsp?id_seccion=23&id_articulo=1227&idioma=castellano&ids=id1=1227 ), soinumapako soinuak oinarri hartuta soinu pieza berriak sortzeko egitasmoa.

http://ekaitzaldi.blogspot.com/ Blog bat da, eta bertan bildu dituzte (eta jarrai dezatela) EHn argitaratutako diskoak, deskarga zuzenaren bidez jaisteko. Ehunka disko dago, beraz, badakizue, sua eman zuen konexioari.

http://www.entzun.com Hau nahiko bizia da, eguneratu samar egoten da. Musikaren inguruko albisteak, eta abar. Oso oker ez banago, eduki guztiak Copyleft dira.

http://ikusezazu.com/ Euskarazko hainbat eta hainbat pelikula, dokumental eta telesaio. Nik neuk honakoak deskargatu ditut jadanik: Fernando Amezketarra, salda Badago, BAP, Erramun Martikorena, Mikelen Heriotza... berritxua da, ta espero dut orain arteko erritmoan elikatzen jarraitzea.

http://www.manterola.org/azpitituluak Luistxok aipatu zuen, baina uste dut ez zuela erakutsi. Bertan biltzen dira filmetan euskarazko azpitituluak ikusarazteko fitxategi sinkronizatuak. Nik neuk Robert bresson-en filme bat, eta Hitchkocken beste bat gehitu ditut, nornahik deskarga eta aprobetxa ditzan. Laster ere, Kafea eta Galletak egitasmorako itzultzen ari garen musika dokumentaletarakoak igoko ditugu. Badakizue,graduondoko proiektua aitzakia ederra da horrelako lanak alde batera usteko, kar kar.

Gaurko hitzaldian Josu Landak E-book bat ekarri du eta aldeko eta kontrako kritikak entzun ditugu. Ni aldekoa naiz, e-book eta paperaren aldekoa. Hain zuzen liburu elektronikoak gastua izugarri murrizten du (aparatua behin erosita, noski). Pentsatuko duzue komentario hau ez duela zerikusirik web guneen gaiarekin, baina lotu nahi izan dut nire lagun batzuen musika taldearekin. BIZARRA taldeaz ari naiz. Beren grabaketak www.bizarradugu.com gunean dituzte, ez dute formatu fisikoan deus ere argitaratu inoiz. Euren aukera da, biniloan argitaratzea bezain ona/edo txarra nire ustez. Trukean ez dute ezer eskatzen, ez dute gasturik generatzen, ez da dirurik mugitzen sortzaile eta jasotzailean artean. Gero eta jende gehiago ari da beren lanak doan eskaintzen (ELURRETAN taldea, kasu), komunikazioa errazten. Badakit liburuekin ezberdina izan daitekeela, baina doakotasunaren bidean eta jabetza eskubidearen kontrako borrokan urrats handiak egiten ari dira. Pentsa, egunen batean, diru egite hutsagatik argitaratzen diren hainbat lan bertan behera geratuko direla egunen batean...argitaratzen den guztiak sortzailearen barrenak askatze hutsa izango du helburu bakarra.
imanoltxo 2009/06/15 19:08
Ibonek hasitako gaiari jarraiki blog bat aurkezten dizuet www.egaroa.com (tartean behin autobonbo pixka bat ere ez da gaizki etortzen!)

Gurasoen liburudenda garai berrietara egokitzeko "esperimentu" moduko bat da. Nik eta nire anaiak daramagu aurrera (sinez, anaiarekin elkarlanean zerbait egitea gozamena bat da). Blogak "gure munduan barneratzeko" aukera eskeintzen digu, liburua irakurri, artikulotxoa idatzi, ausnartu, liburu azala argazki bidez Zarautzen kokatu...

Ibon, zuk esandakoarekin ados nago, baina nire kezkak beste bide batetik doaz... Noiz kristo irakurri behar dugu edo irakurtzeko aukera izango dugu Atxagaren "Obabakoak" edo Anduren "Zoaz infornura, laztana" formatu digitalean? Klasiko bihurtzen direnean ? ... Hemendik 120 urtera?... Katixa Agirrek sare sozialen bidez "Habitat" (bere azkenengo eleberria) liburu azala aukeratzeko eskeini zigun irakurleoi eta gaur egun "Habitat" liburuaren azala irakurleek sare sozialetan gehien klikatu zutena da... Noiz edukiko dugu "Habitat" liburua bere benetako "habitat"-ean?

Josu Landak behin baino gehiagotan aipatu zuen "bahiketa" hitza. Nire ustez, hortxe dago gakoa eta paradigma berriaren aurrean argitaletxeek ez badute ezer egiten irakurleak izango dira "bahituta" sentituko direnak eta hau aitzaki perfektu bat izango da pirateria aupatzeko. Idazlearen eskubideak dira erabat bahituta daudenak editore eta argitaletxeengatik. Musikaren eredua eta musikagintza alorrean izan diren aldaketa guztiak muturren aurrean egonik erabat kezkatzekoa da euskal liburugintza sektoreraen ixiltasun guztia. Eta guzti honek noski euskal literatuaren transmisioan eragingo du. Zer eskeini behar diogu irakurle digital (bi begikoa, pertsona) berriari? Zer eskeini behar diogu gure gaztetxoenei sarean? "Conan el barbaro" edo " La caperucita Roja"? Soilik pasa den mende edo orain dela 250 urte idatzitako euskerazko liburuak?

Norbanakoak aukera dezala bere lanak nola eta zein lizentzietan argitaratu nahi dituen, hor ez naiz sartuko, baina liburugintzaren sektorean pausu asko dago emateko eta aldiz, denbora oso gutxi.

Baina benetako gaiari eutsiz jarraian zer eta nola jarraitzen dudan adieraziko dizuet: klikatu eta klikatu eta batetik bestera saltoka ibili beharrean : Google Reader-en bidez RSS jario ezberdinak jarraitzen ditut eta bertan irakurtzen ditut .(Nahikoa da beraz, gmail kontu bat edukitzea). Zergatik funtzionatzen dudan horrela? Nere burua ezagutzen dudalako eta gauza bat ikusten hasi eta ez dakit nongo web gune batean amaitzen dudalako ( denbora aurrezteagatik eta ez despistatzearren egiten dut, eta hala ere, asko despistatzen naiz :)

"Twitter" eko RSS jarioak dira jarraitzen ditudanak, alegia, sare sozilen bidez bilatzen dut informazioa. Informazioa gero eta hedatuago baitago Twitter eta antzeko sare sozialetan... Euskerazkoak adibidez @zuzeu, @iturri, @joxearanzabal, @27zapata... Sare sozialetan informazioa joan etorrikoa izan ohi da eta gainera, parte hartzeko aukera ere eskeintzen digute, informazioa sortu dezakegu...( Adibidez,gaur bertan idatzi dudan berri bat sare sozialetan argitaratu dut. Hasier Etxeberriak artikulua ikusi eta Zuzeu albistari digitalean esteka publikatu du).

Sare sozialak komunikatzeko eta informazioa jasotzeko bide berriak dira eta kontutan hartzen hasi beharko genituzke, ez al zaizue iruditzen?
Josu 2009/06/23 10:52
Literatura gustuko baduzue, hona blog bat:
http://blogak.com/txistuytambolin
Aspaldi Durangon ateratzen genuen paperezko literatur aldizkariaren hirugarren "berraragitzea" da. Paperezkoa armiarma.com horretan topatu ahal duzue. Gero aldizkari digitala izatera pasatu zen (www.txistuytambolin.com). Azkenengo urratsa blog bihurtzea izan da, eta horretan ari gara. Bertan nire pirueta literarioak ere topatuko dituzue, Bernardo Kapanaga ezizenaren karatulaz sinatuak. Zuen kritiken zain, gora gu, bihotz-berrituok!
Iñaki Urruzola 2009/06/25 09:28
Tira, lagunak, azken boladan bizi-bizi ari zaretenez ez nadila neroni izan zuen jario telematikoa moztuko duena,..

Ez dakit oroituko zareten,... Txomin Peillen etorri zenean Xiberutarrak definitzeko esaldi ezin aproposagoa erabili zuen: "Gihaur gira bürü arinak eta zango arinak". Zinez heterodoxoak.

Bakarrik kontutxo bat oroitarazi nahi dizuet,..

Adituek diotenez, herri batek kantatzen eta dantzatzen duenean, identitate arazorik ez dagoen seinale. Gurean tradizio handia izan dugu. Ikuskizun aurrerantzean.

Bada, beittu, honen haritik, duela hiru urte argitara eman genuen AHOBETE KANTA proiektua; helburua honakoa zen: herri musikaren altxorra hezkuntza ez-arautuan txertatzea (musika eskolen sarean).
Hau da, azken berrogeita hamar urte hauetan batu den ondarea transmititzea. Halaber, ikas-material horren erabilera herritar orori eskaintzea eta beronen garapenean laguntzea.

Zuetariko asko "-gintza" ezberdinetan zabiltzatenez, baliagarria suertatuko zaizuelakoan nago. Izan ere, herri kantua osagai askorekin osatzen den artefakto txiki bat da. Eraginkorra bezain bizi-pizgarria.

Erabili gogotik.
www.ahobetekanta.arteola.com